Ainarak (Blanca Soroa) 17 urte ditu, eta, ikastetxe erlijioso batean ikasteaz gain, egonaldiak egiten ditu bere lagunekin batera klausurako mojen komentu batean. Eskolako koruan ere abesten du, eta han parte hartzen duten mutil eta neskekin ateratzen da festara, edozein nerabe bezala. Baina Ainarak gero eta gertuago sentitzen du bere burua Jainkoarengandik, eta halako batean etxean esango du klausurako moja bilakatu nahi duela. Albiste horrek ustekabean harrapatuko ditu Iñaki aita (Miguel Garces) eta batik bat Maite izeba (Patricia Lopez Arnaiz), eta albisteari aurre egiten saiatuko dira: nolabaiteko onarpenean oinarrituko da bat, eta ilobaren erabakiari arrazoinamenduz erantzungo dio besteak.
Alauda Ruiz de Azua zinemagileak joan den urtean Querer telesaila aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean, lehiatik kanpo, eta Los domingos-ekin itzuli da aurten atal berera, baina Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartuta oraingoan. Gaur goizean aurkeztu du filma Kursaalean, eta txaloka hartu dute ikusleek. Gero, Ruiz de Azuak eta haren lantaldeak emandako prentsaurrekoan ere kazetarien babesa jaso du filmak; ohi ez bezala, gainera, mahaikide bakoitzaren aurkezpenak txalo zaparrada eragin baitu. Ruiz de Azua, Soroa, Garces eta Lopez Arnaizez gain, Nagore Aranburu, Juan Minujin eta Mabel Rivera lantaldeko aktoreak ere izan dira prentsaurrekoan.
Ruiz de Azuak azaldu du bere helburua izan dela pertsonaia guztiak eta haien ikuspuntuak ulertzen saiatzea, «manikeismoetan erori gabe». Horri lotuta, ikus-entzuleengan jarri du «fedea». «Filma ñabarduraz beteriko bidaia bat da, eta galderak botatzen ditu, ikusleak berak bere ondorioak atera ditzan. Ni saiatzen naiz ulertzen, baina ez dauzkat erantzunak. Horregatik egiten ditut galderak». Ruiz de Azuak onartu du Maiteren pertsonaia —ez da sinestuna— dela harengandik gertuen dagoena, baina saiatu dela pertsonaia guztiak zalantzan jartzen, «guztiek baitituzte argi-ilunak».
Lopez Arnaizek, berriz, azaldu du Maiteren pertsonaiak «beldurra» sentitzen duela, saiatzen dela iloba ulertzen, baina batez ere hura «babesteko ardura» sentitzen duela.
Maiteren pertsonaiaren kontrapuntu gisakoa da, berriz, Pilar komentuko ama nagusia (Nagore Aranburu). Aktoreak adierazi du saiatu dela «benetakotasuna eta errealitatea» ematen bere pertsonaiak sentitzen duen bokazioari. «Babesleku izan behar zuen, eta bakea eman behar zion [Naiararen pertsonaiari], eta horrek egiazkoa izan behar zuen. Sinetsi beharra zegoen. Horrela egin dugu lan, askotan bake hori nahiko asaldagarria da eta».
Proiektuaren abiapuntuaz galdetuta, Ruiz de Azuak azaldu du bera nerabea zenean bere adineko lagun batek ere sentitu zuela erlijiorako bokazioa, eta hori «oso erradikala» iruditu zitzaiola. Cinco lobitos (2022) filma egin ondoren erabaki zuen gaia jorratu zezakeela, baina, «betiere, familiaren ikuspegitik». Erlijiorako bokazioa zer den ulertzeko helburuz, ikerketa lan bat egin du, «ahalik eta zorrotzena» izan nahian. «Filmak elkarrizketa eta eztabaida bultzatu nahi ditu, ez borroka», gaineratu du zinemagileak.
Kafka eta haren itzala
Agnieszka Holland zinemagileak hirugarren aldia du Urrezko Maskorra lortzeko lehian —Total Eclipse (1995) eta Copying Beethoven (2006) lanekin izan zen aurretik—. Oraingoan, Franz filmean, Franz Kafkaren erretratu pertsonal bat osatu du. Ohiko biopic batetik harago joan da zuzendari poloniarra, eta, aktoreekin eta lantaldeko gainerako kideekin egin duen aurkezpenean, lehenik azaldu du ez diola lerro kronologiko zurrun bati jarraitu nahi izan. «Zaila izan da. Erabaki genuenean gidoiak ez ziola lerro zuzen bati segituko, bagenekien ur nahasietan murgiltzen ari ginela, puzzle bat osatzea zelako, elementuak josi behar genituelako. Baina askatasun handia eman genion taldeari; gidoiari jarraitu genion, baina bidean gauza berriak ere asmatu genituen; eta arriskutsua izan zen, baina baita erakargarria ere». Zehaztu duenez, «nolabaiteko azken gidoia» muntatze gelan zorroztu zuten. «Nik gidatu nuen taldea, baina denak oso sortzaileak izan ziren».

Kafkaren bizitzaren pasarteekin, haren testu txatalekin eta idazlearen emozioekin egiten du aurrera kontakizunak. Baina haren itzala gaurdaino iritsi dela ere erakutsi du Hollandek, gaur egungo eszena batzuk tartekatuta —turistak ageri dira Kafkaren museoa bisitatzen edo haren inguruko ibilbide gidatuetan parte hartzen, esaterako—. «Ez nuen kritiko agertu nahi kontsumismoaren inguruan, ez eta Kafka kisch bihurtu ere. Jolasaren sentimendu hori agertu nahi genuen, baina ez nuen nahi Kafka izan zedin gure gaur egungo bizitzaren epailea».
Idan Weiss aktoreak jokatu du Kafkaren rola filmean. Eta, azaldu duenez, urtebete eman zuen lana prestatzen. Idazlearen lan eta gutun guztiak irakurri zituela, berak depresioa izan zuen garaiko oroitzapenetara atzera egin zuela eta Hanburgoko bere etxean bi hilabetez giltzapetu zela kontatu du, interpretaziorako «energia ilunago bat» lortze aldera. Kafkaren irudia hain ezaguna izanik, pertsonaia haren antza fisikoa zuen norbaitek antzeztea ezinbestekotzat jo zuen Hollandek, eta hori izan zen Weiss aukeratzeko arrazoietako bat, baina ez bakarra. Holland: «Haren itxura izatea garrantzitsua zen, baina baita haren arima izatea ere. Eta Idan ezagutzean ondorioztatu nuen baietz, haren arima ere bazuela. Bera da filmaren arima».
Zuzendariak 14 urterekin irakurri zituen lehen aldiz Kafkaren liburuak. «Baina gerora, idazleak idatzitako gutunak irakurtzean, inpresioa izan nuen ulertu egin nuela, haren arreba banintz bezala. Eta horixe esan nion Katharina Starki [hark gorpuztu du Kafkaren arreba filmean], nire ikuspegia hor zegoela film honetan».
Gezurra babes
Kursaaleko arratsaldeko emanaldian, berriz, Ungrateful Beings filmeko lantalde osoa bildu da, Olmo Omerzu zuzendaria buru. Familia baten inguruan ondu du kontakizuna, eta publikoaren txaloak jaso ditu. Gurasoak bananduta daude, eta David aitak kostaldeko kanpin batera eramango ditu seme-alabak egun batzuk igarotzera. Alaba nerabeak elikadura nahasmendu bat du, eta oporlekuko mutil batekin maiteminduko da. Harekin dagoela, hobera egingo du. Baina mutilari hilketa bat leporatuko diote, eta aitak berehala etxera bueltan eramango ditu seme-alabak. Hortik aurrera, Klara salbatzeko asmo bakarrarekin batuko dira gurasoak, eta edozer egiteko prest egongo dira.
Zinemagile esloveniarrak Zuzendari Berriak sailean parte hartu zuen Rodinny Film / Family Film (2015) bere bigarren film luzearekin, eta berriro ere familiaren inguruan ardaztutako lan batekin itzuli da Donostiara, oraingoan Sail Ofizialeko lehian izateko. Emanaldiaren osteko agerraldian, Omerzuk azaldu du hainbat ideia izan zituela buruan idazteko garaian. «Baina jabetu nintzen ideia horietako batzuek bat egiten zutela, eta gai nagusia bera zela: Zer egiteko kapaz dira gurasoak seme-alabak salbatzeko? Non daude mugak?». Nebojsa Pop-Tasic kogidoilariak gehitu du gurasoak bakarrik ez, seme-alabak noraino iritsi daitezkeen ere lantzen duela filmak, «nolabaiteko gerra bat» dagoelako haien artean. «Istorio komiko edo arin bat eman dezake, baina sentipen maltzur bat duena hondoan».
Filmak egiten dituen galderentzat erantzunik ez duela aitortu du Omerzuk, eta uste du ikusleak galdera horien aurrean jarriko duela bere burua. «Ni ez nago ados gurasoek arazoari heltzeko duten moduarekin, baina aldi berean uler dezaket haien desesperazioa eta alabaren bizitza salbatzeko borrokan ari direla. Nigan ere kontraesan hori dago; egoera horretan egongo banintz, gauza bera egingo nukeen?». Edozein modutan, film «irekiak» egiten saiatu ohi dela gehitu du, «ikusle bakoitzak bere esperientzia proiektatu ahal izateko».