Donostiako 74. Zinemaldia

Fatih Akinek heriotzaren eta bizitzaren arteko maitasun istorio batekin hasi du Sail Ofizialeko lehia

Zinemagile alemaniarrak 'Geister' aurkeztu du Donostiako Zinemaldiko lehen egunean, doluari eta ametsei buruzko drama bat.

Fatih Akin —bigarrena eskuinetik hasita— eta filmeko aktoreak, gaur, Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
Fatih Akin —bigarrena eskuinetik hasita— eta filmeko aktoreak, gaur, Kursaalean. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
Donostia
2026ko irailaren 18a
14:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Farashak eta Farisek graduazio festan ezagutuko dute elkar, eta berehala piztuko da haien artean maitasunaren printza bat. Gau horretan bertan, istripua izango dute, eta Farasha hil egingo da. Bien arteko harremana, ordea, ez da etengo, 40 egunez ametsetan elkartuko dira-eta biak. Hori du abiapuntu Geister-ek, Fatih Akin turkiar jatorriko zinemagile alemaniarrak gaur goizean Sail Ofizialean aurkeztu duen filmak. Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartzen den aurreneko filma da Geister.

Prentsaren aurreko agerraldian Akinek azaldu duenez, aspalditik zuen mamuen inguruko film bat egiteko ideia, baina hasieran ametsek ez zuten lekurik proiektuan. «Orain dela urte batzuk, krisi bat izan nuen zinemagile gisa. Neure burua trabatuta ikusten nuen, ezin aurrera egin, eta iruditzen zitzaidan neure burua berrasmatu behar nuela. 10 urteko semeak proposatu zidan bi haurren arteko adiskidetasunari buruzko film bat egitea. Bat bizirik zegoen, eta bestea mamua zen». Haurrekin lan egiteko gogoz zegoen, eta gidoi bat ere idatzi zuen bere kolaboratzaile batek, baina orduan ez zegoen horretarako «prestatuta», eta tiraderan utzi zuen proiektua. «Baina bi haur horiek hazi egin ziren, nire semeak hazi ziren bezala».

Duela bi urte, baina, berriro azaleratu zitzaion ideia Akini, aita hil zitzaionean, hain zuzen. «Aita hil zen, eta niretzat oso etsigarria izan zen hurrengo egunetan eta asteetan hura nire ametsetan ez agertu izana. Azken solasaldi bat izan nahi nuen harekin, baina ez zen agertu». Bete gabeko nahi horrek bultzatu zuen zinemagilea Geister-en ideia aurrera eramatera.

Filmean heriotza, maitasuna, adiskidetasuna, dolua eta sufrimendua gurutzatzen dira, errealitatearen eta ametsen artean, eta Akinek uste du lan «espirituala» dela. «Ni islamarekin hazi nintzen, eta erlijioa oso inportantea zen gure etxean. Gero zinema bihurtu zen nire erlijioa, baina inoiz ez dut galdu konexio espiritual hori, gurasoek erakutsi zidatena». Horri lotuta, zinemak mugak zeharkatzeko gaitasuna duela uste du zinemagileak. «Nola egin dezaket filmaren espiritualtasunak funtziona dezan budista izan, kristaua izan, judua izan? Guztiontzat komun dena hartu dut, eta komun ez dena baztertu».

«Gero zinema bihurtu zen nire erlijioa, baina inoiz ez dut galdu konexio espiritual hori, gurasoek erakutsi zidatena»

FATIH AKINZinemagilea

Akinek uste du filmak ere ametsak direla, amets baten barruko ametsak, eta zinemak berak baduela sendatzeko gaitasuna. «Zinema ez da entretenimendu hutsa. Niretzat, esaterako, heriotzaren gaiari heltzea, heriotza zer den eta pertsonaiei nola eragiten dien... hori dena katartikoa izan da».

Bizitza erreala

Filmean kultura ezberdinetako protagonistak ageri dira. Farasha eta haren sendia siriar jatorrikoak dira; Faris eta haren familia, alemaniarrak, nahiz eta aita desagertua turkiarra zuen. «Halako mundu batean bizi gara», azaldu du zinemagileak, emakume islamiarrez egiten duen erretratuaz galdetuta. «Mundu bat dago, politikariena, telebistarena eta sare sozialena. Eta beste mundu bat, kaleko jendearena. Gustatzen zait hiri handietan ibiltzea, eta mundu osoko jendea ikusten dut. Baina politikariek ez dute herrialde hobe bat egin nahi: boterera iritsi nahi dute, eta beldurra helarazi. Eta erraza da; beti izan da. Errua besteari egozten diozu. Lehen juduak ziren, gero musulmanak... Beti daukate nori bota errua».

Geister koloretan filmatu bazuen ere, Donostian erakutsi duten kopia zuri-beltzezkoa da —azken sekuentzia salbu—. Izan ere, Akinek azaldu du hasiera batean bere ideia anime japoniarren kolore paletarekin lan egitea zela. «Film baten postprodukzioan, kolorearen gainean amaieran lan egiten da, baina ez nintzen gustura gelditu, eta zapuztu egiten ninduen emaitzak. Nik nahi nituen kolore gametatik asko urruntzen zen. Erabaki genuen kolorea kentzea, eta zuri-beltzaz maitemindu nintzen». Gainera, Akinen iritziz, zuri-beltzak pelikularen «existentzialismoa» berresten du. Nolanahi ere, zinemagileak jakinarazi du koloretako bertsioa ere badela, eta horrek maitasun istorioa indartzen duela.

Hain zuzen ere, «noizean behin» maitasun istorioak filmatzea gustatzen zaiola aitortu du Akinek, eta Gegen Die Wand aipatu du horren adibide gisa, 2004an Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen filma. «Suizidioa ageri da film horretan, baina baita amodioa ere». Hala ere, zuzendariak esan du maitasun istorio bat kontatzeko konbentzioen eta ikuspuntu pertsonalaren arteko oreka bilatu behar izaten duela. 

Filmeko protagonistek babestu egin dituzte zuzendariaren hitzak, eta filmaketa osoan izan zuten konfiantza nabarmendu dute. «Gidoiak elementu espiritual eta sendatzaile bat du», azaldu du Eren M. Guvercinek (Faris); Mariam Dawoudek (Farasha), berriz, prozesu guztian izan duten «sormen askatasuna» azpimarratu du. Hain zuzen ere, azaldu du filmeko azken eszena, bost minutu pasako plano finko bat, ez zegoela paperean idatzita. «Fatihk eszena nire eremura eramateko aukera eman zidan, eta erabaki nuen han gelditzea, pilatutako emozio guztiak agerian uzten».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA