Duela urte eta erdi inguru, bat-batean galdu zuen aita Lur Olaizola Lizarralde zinemagileak (Donostia, 1988). Dolu prozesu betean, zerbait idazten hasi, eta Bariazioak film laburra ernatu da lerro haietatik. Xulia (2019), Zerua blu (2020) eta Hirugarren koadernoa (2022) zuzendu ditu aurrez, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztu du egunotan lan berriena. «Film laburrak pantaila handian eta areto betearekin erakutsi ahal izatea zoragarria da», aipatu du. «Plataformak dira gero film laburrentzako bide bat; lehen ez zegoen aukera bat da hori halako pelikulentzat».
Ikusleak pentsa dezake: ze min handia eta ze pelikula txikia. Nola gertatu zen aitaren galerari sorkuntzaren bidez ere heltzeko gogoa?
Egunotan asko ari naiz hitz egiten honetaz, eta sentsazioa daukat sortzaileontzat sormena helduleku bat dela. Nik film hau ez nuen egin pentsatuz: «Film bat egin nahi dut dolua transmititzeko». Atera egin zen. Idatzi nuen lehen gauzatxoa nire aitaren azazkalen inguruko pasartea da. Hortik hasi nintzen gidoi antzeko bat idazten, gidoi bat zen ere ondo jakin gabe. Maider Fernandezi, Claudia Salcedori —gero lantaldean egon dira— eta nire bikotekideari eman nien irakur zezaten, ea hor pelikularik ikusten zuten, eta hirurek esan zidaten baietz. Sormenerantz noa bizitzako momentu gogorrenetan, eta hori niretzat zorte bat da.
Hiru film labur egin dituzu aurretik, baina hau duzu lehen aldia fikzioan. Distantzia hartzeko modu bat izan da?
Uste dut lotuta dagoela nire zinefiliarekin. Ikusle gisa, zinema esperimentalago batetik klasikoago batera joaten ari naiz, eta ikusten duzunak asko baldintzatzen du egiten duzuna edo egin nahi duzuna. Bestalde, egia da fikzioak utzi didala distantzia jartzen nire eta pelikularen artean. Aurrekoan galdetu zidaten ea neure burua ikusten nuen pelikulan Edurne [Azkarate] ikusten nuenean, eta ez; Maite ikusten dut [filmeko protagonista, aita galdu duena].
Xulia nire lehen film laburra heroinarekin eta hiesarekin lotutako istorio bat da, nik osaba bat izan bainuen antzeko esperientzia bat izan zuena. Baina orduan ere banekien ez nuela nire familiari buruzko ezer egin nahi, ezta ni lehen pertsonan jarri ere. Distantzia hori lortzen saiatzen naiz egiten dudan zineman; niretik asko dauka, baina ez dut uste lehen pertsonan egon nahiko dudanik inoiz.
Koadernatze tailer batean girotu duzu filma, artisau lan pausatuko giro batean. Nolatan?
Nire aurreko film laburrari lotuta dago hori. Hirugarren koadernoa-n lanean nenbilenean, bazegoen koadernatzearen ideia bat, baina kanpoan geratu zen. Gidoi hau idazten ari nintzela, gogo handia neukan hori filmatzeko, eskuekin egiten diren eta filmatzeko oso politak diren keinuak direlako, baina, gainera, iruditzen zitzaidan zentzua zeukala doluarekin lotutako film batean. Azkenean, liburu bat koadernatzen dugunean liburu baten bizitza luzatzen dugu, nolabait.
«Beti iruditu zait analogikoan filmatzen denean ikusleak ikusten duen irudi hori ukitzen duela sentitu dezakeela»
Eta horrek derrigor behar zuen analogikoan filmatua izan.
Noski! Beti iruditzen zait analogikoan filmatzen denean ikusleak ikusten duen irudi hori ukitzen duela sentitu dezakeela. Orduan, bai, hasieratik jakin nuen, koadernatze tailer bat bazen, 16 milimetrotan nahi nuela. Lehen aldia izan da. Pablo Paloma argazki zuzendariarekin egin dut lan, eta zoragarria izan da. Filmeko argia harena da. Harena da, adibidez, Vicor Iriarteren Sobre todo de noche-ren argazki zuzendaritza, edo aurtengo Zinemaldian dagoen Estrany riu filmarena. Oso-oso polita egiten du dena.
Pertsonaia nagusiei dagokienez, rol txiki baina delikatu bana dute. Maiteren dolua dago erdigunean, baina ondoan dago Aliziarena ere (Sonia Almarcha), urrunago hasten den dolu bat.
Bi aktoreek galdetu zidaten zerbait izan zen hori: duela zenbat hil zen Maiteren aita, duela zenbat Aliziaren bikotekidea. Nik komentatzen nien, nire ustez, Maiteren aita hil zela sei hilabete zirela, eta Aliciaren bikotekidea, berriz, bost urte. Eta horrek asko aldatzen du dena, egoteko modua. Maitek une batean uste du aita ikusten duela, eta hori behin eta berriz gertatzen zitzaidan niri ere doluaren hasieran. Inpaktu handia eragiten zidan; baina denbora funtsezkoa da doluan, orain ez baitzait hainbeste gertatzen.
Hitzak ere bereizten ditu biak. Maiteri badirudi ez diotela askotarako balio orain, eta, aldiz, Aliziari on egiten dio kontatzeak.
Bai. Batetik, uste dut nire pelikuletan hitzak protagonismoa duela beti. Hitza beti iruditu zait oso elementu zinematografikoa.
Ez da hainbestetan esaten hori.
Ez, eta ni saiatzen naiz gauza ezberdinak probatzen. Kasu honetan, Sonia Almarchak istorio bat kontatzen du, anekdota bat, eta hor badago ni beti liluratu nauen zerbait: ikusleak bere irudien bitartez imajinatu dezake pertsonaia kontatzen ari dena; ni ez naiz irudietan erakusten ari, baina hitzak ari dira irudiak sortzen bere buruan. Aliziak badaki bera ere doluan dagoela, eta uste dut kontakizun horren bitartez «hemen nago» ere esaten diola Maiteri.
«Emozioek hitz bakarra dute, eta pertsonaren arabera, berriz, emozioa beti aldatzen da. Doluarekin gertatzen da, maitemintzearekin... Beti daude bariazioak»
Bachen bariazioei zor die izenburua filmak, baina iradoki dezake beste hau ere: doluaren moduko emozio arrunt eta aldi berean latz bat bizitzeko egon daitezkeen modu amaigabeak.
Bai. Emozioek hitz bakarra dute, eta pertsonaren arabera, berriz, emozioa beti aldatzen da. Doluarekin gertatzen da, maitemintzearekin… Beti daude bariazioak. Era berean, askotan gertatzen da hitzak ez izatea nahikoa halako emozioak transmititzeko. Dolua hitzak zer esaten du? Ezer ez. FIlma batzuei iritsiko zaie gehiago, beste batzuei gutxiago, baina iristen denean, oso berezia egiten zait horregatik. Ze nik nire dolua filmaren bidez transmititu ahal izan dut; hitzekin oso zaila da.
Nola filmatzen da norbaiten falta sumatzea?
Nire ideietako bat hori zen: absentzia filmatzen saiatzea. Maitek bi leiho irekitzen ditu, eta berak alde egiten du, baina kamera leihoetan geratzen da, adibidez. Hasieratik egon da oso presente hori. Baita soinuan ere. Koldo Corellak egin du soinu postprodukzioa, eta esaten zidan erronka handia izan dela harentzat. Oso film sotila da, eta soinuarentzat ere zailagoa da askotan sotila izatea.