Donostiako 73. Zinemaldia

'Los tigres' urpeko thrillerra aurkeztu du Alberto Rodriguezek

Urpekari profesionalen munduan girotuta dago pelikula. Antonio de la Torre eta Barbara Lennie dira protagonistak. Arnaud Desplechinek 'Deux pianos' aurkeztu du Sail Ofizialeko lehian, eta Joachim Lafossek 'Six jours ce printemps-là '.

Antonio de la Torre, Alberto Rodriguez eta Barbara Lennie gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Antonio de la Torre, Alberto Rodriguez eta Barbara Lennie gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2025eko irailaren 20a
16:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Antonio (Antonio de la Torre) eta Estrella (Barbara Lennie) urpekari profesionalak dira, eta Huelvako (Espainia) petrokimikaren inguruan jarduten dute, urpera salto eginez, itsasontzien matxurak konpontzeko eta istripuren baten ondorioz uretara erori den autoren bat edo hildakoak ateratzeko. Antonio bere lanbideko profesionalik kualifikatuena da, eta Estrellak ontzitik laguntzen dio, belarri batean duen gorreria dela eta ezin duelako urpean hogei metro baino beherago jaitsi. Lanbide gogorra dute biek, eta baita barne zauri ugari ere. Alabaina, ontzi batean aurkituko duten kokainak bizitza aldatzeko aukera emango diela irudituko zaie.

Alberto Rodriguez zinemagile espainiarrak Sail Ofizialean aurkeztu du gaur Los tigres filma —Koldo Zuazua euskal herritarra da ekoizleetako bat—. Thrillerraren eta dramaren artean mugitzen da lana, eta urpekari profesionalen lanbidea erakusteko aukera izan du, Rodriguezen iritziz gaur egun oso ezezaguna baita. «Petrokimikaren irudia beti izan da iman bat niretzat. Neure buruari galdetzen nion: 'Zer gertatuko da hemen?'. Eta hortik iritsi ginen urpekarien lanbidera. Mundu arriskutsua, oso ezezaguna eta erakargarria iruditu zitzaidan».

Pelikulak thriller baten traza hartzen badu ere, bi anai-arreben arteko harremanean sakontzen du batez ere, gaur egun biek dituzten min eta arazoetan, eta baita iraganetik datozkienetan ere. Izan ere, aita urpekaria zuten Antoniok eta Estrellak, eta hark bultzatuta hasi ziren beraiek ere uretan sartzen, jolas moduan bazen ere; azkenean, bien arteko lehia sustatu zen. «Niretzat funtsezkoa zen anai-arreba horiek bizi duten unibertsoan sartzea, bizi duten laztasun emozional horretan, zurztasun horretan, eta baita batzen dituen maitasun handi horretan ere, nahi gabe ere amildegira bultzatzen dituen maitasunean», azaldu du Lenniek.

Lenniek eta De la Torrek aitortu dute filmaketa gogorra izan zela. Profesionalen laguntza eta aholkularitza izan zuten, baina prozesua «intentsitate handikoa» izan zen Lennieren arabera. Izan ere, filmaketaren parte handi bat ur azpian egin behar izan zuten, eta horrek berak zailtasun handiak ezarri zizkien. «Uretatik kanpo erabiltzen diren arauek ez ziguten ezertarako balio, eta dena planifikatu behar izan genuen», adierazi du Rodriguezek: «Uretan sartu baino lehen, jende guztiak jakin behar zuen zeren bila gindoazen, ez baitago ezertarako denborarik».

De la Torrerentzat ere ezagutzen ez zuen mundu bat deskubritzeko aukera izan da Los tigres: «Interpretatzeko orduan, errealitateko erreferenteak bilatzeko obsesioa daukat nik. Pelikulan, urpekari talde bat izan genuen laguntzen, eta begiratu egiten nien, entzun, nola pentsatzen zuten sumatzeko. Espainian mila bat izango dira uretako beharginak. Meatzea baino okerragoa da! Eta nola bizi diren ulertzen saiatu naiz».

2005ean 7 vírgenes filma Urrezko Maskorra lortzeko lehian aurkeztu zuenetik, Rodriguez behin baino gehiagotan izan da Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean. La isla mínima lanarekin lehiatu zen 2014an, El hombre de las mil caras filmarekin 2016an, eta haren beste hainbat lan lehiaz kanpo eman izan dituzte: La peste eta Apagón telesailak eta Modelo 77 filma, besteak beste.

Pianistaren itzulera

Arnaud Desplechin zinemagile frantziarrak Deux pianos aurkeztu du gaur Sail Ofizialeko lehian. Mathias Vogler pianista (François Civil), Japonian hainbat urte igaro ondoren, Frantziara itzuliko da, eta han bere mentore izandako Elenarekin (Charlotte Rampling) jarriko da harremanetan, kontzertu bat elkarrekin prestatzeko asmoz. Itzulerak, baina, iraganarekin ere lotuko du, garai batean maite izan zuen emakumea (Nadia Tereszkiewicz) ere bere bizitzara bueltatuko baita Mathiasek espero ez zuen moduan.

Musikak zeharkatutako melodrama da Deux pianos, eta Desplechinek berak garrantzi handia eman dio musikaren erabilerari: «Mathias, Claude, Elena... pertsonaia guztiak oso bakarrik sentitzen dira, eta musikak min hori baretu, eta bizitzeko arrazoi on bat ematen die».

Pertsonaien arteko harremanek ardazten dute Deux pianos, eta, zuzendariak azaldu duenez, hasieratik, aktoreak gidoia irakurtzen hasi zirenetik, erabaki zuen norberak bere kasa egingo zuela lan hori. «Modu horretan, pertsonaia bakoitzak bazuen sekretu bat, eta gainerako aktoreek ez zuten horren berri».

Oporrak ezkutuan

Duela hamar urteko Zinemalditik zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorrarekin itzuli zen etxera Joachim Lafosse: Les chevaliers blancs filmarekin eskuratu zuen garaikurra zinemagile belgikarrak ordukoan. Duela bi urte, berriz, Un silence lanarekin lehiatu zen Sail Ofizialean. Eta aurten, Six jours ce printemps-là pelikularekin, berriro izango da Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaien artean. Istorio samurra ondu du, baina, aldi berean, azken unera arte intriga gordetzea lortzen du.

Sana bi mutiko bikiren ama da, eta bananduta dago. Udaberrian opor egun batzuk etxetik kanpora pasatzeko asmotan dira hirurak eta Jules, zeina amaren bikotekide berria den. Baina azken orduko ezusteko batek plana aldatzera bultzatuko ditu, eta Frantzia hegoaldeko kostara joko dute; haurren aitaren gurasoek duten luxuzko etxean geratzea erabakiko dute, inori ezer esan gabe. Inork ikusiko edo ezagutuko ote dituen kezkatuta ibiliko da Sana, baina eguzkiaz, hondartzaz eta elkarrekin egoteaz gozatzen ere bai.

Eye Haidarak jokatu du Sanaren rola filmean, Leonis eta Teodor Pinero Muller gaztetxoek semeena, eta Jules Waringek Julesena. Eta guztiak izan dira zuzendariaren alboan, bai Kursaalean, filmaren arratsaldeko emanaldian, bai ondoren egindako prentsa agerraldian. Bertan Lafossek azaldu duenez, bere haurtzaroko oroitzapenak ditu istorioak oinarrian. «30 urte neramatzan film hau egin nahian, duela 40 urte nire amak oporretara eraman gintuelako. Dibortzio zail baten ondotik, eta baliabide ekonomiko nahikorik ez bazuen ere, oporretara eraman nahi gintuen». Filmean gertatzen den bezala, ezusteko bat tarteko, planak aldatu zituzten. «Oso gogoan dut anaiak eta biok esan geniola: 'Eta zergatik ez goaz aitona-amonen etxera?'. Irtenbide bat zen, baina berak ezin zuen hara joan. Gu tematu egin ginen, eta amak, azkenean, onartu egin zuen, baina ezkutuan egin behar genuela agindu zigun. Niretzat aste hura ahaztezina izan zen». Filmaren bidez bere ama omendu nahi izan duela gaineratu du. «Gogotsu nago berak filma ikus dezan».

Istorioa kontatu zionean «hunkitu» egin zelako hautatu zuen Haidara amaren rola jokatzeko. Aktoreak aitortu duenez, ardura handia sentitu zuen hura antzezteko garaian. Baina Lafossek amari buruz kontatutakoek asko lagundu ziotela azaldu du. «Eta, batez ere, bi haurrek eman zidaten indarra».

Bestalde, Jean-François Hensgens argazki zuzendariaren lana ere goraipatu du zinemagileak, aitortu baitu zailtasun erantsi bat izan zuela kostaldeko argi biziko eszenen eta etxe barruan kandelekin grabatutakoen arteko kontrastea lantzen. «Nik, gainera, beti grabatu izan dut iparraldean, eta han beti jarri behar duzu argia. Hau izan da lehen aldia film osoa hegoaldean grabatu dudana, eta benetan zirraragarria izan da niretzat, zoragarria baita hegoaldeko argia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!