Zinemagilea

Koldo Almandoz: «Zinema sozialaren zigilu horri ihes egin nahi izan diot»

'Hondar ahoak' telesailaren arrakastaren ostean, 'Zeru ahoak' estreinatu du Almandozek Zinemaldian; lehenaren gisan, lau kapituluz osatuta egongo da. Bilbon girotuta dago istorioa, eta «jende normalaren» bizitzak ditu ardatz.

Koldo Almandoz zinemagilea. TXINTXUA FILMS
Koldo Almandoz zinemagilea. TXINTXUA FILMS
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko irailaren 26a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bost urte igaro dira Koldo Almandozek (Donostia, 1973) Hondar ahoak telesaila filmatzen amaitu zuenetik, eta lau hura estreinatu zenetik. Amaitu zuenetik izan zuen argi kontakizun hark segida bat behar zuela, eta hura idazten hasi zen. Kontuak kontu, ordea, nahi baino gehiago itxaron behar izan zuen haren jarraipena lantzen hasteko. Zeru ahoak du izena jarraipen horrek; lau ataleko telesaila da. Hondar ahoak-en ageri diren pertsonaietako batzuk ageri dira bertan —Nerea Garcia jada Ertzaintzatik aldenduta dagoen inspektorea tarteko—, baina «testuinguru berriei» egin beharko diete aurre, Bilbon oraingoan. Atzo estreinatu zuten Antzoki Zaharrean, eta gaur eta bihar Kursaalean proiektatuko dute telesaila, Sail Ofizialean, baina lehiaz kanpo. Bestalde, ETB1en eta Primeran plataforman emango dute lehen atala, igandean.

Nolakoak izan dira telesail batetik besterako urte horiek? Nola kozinatu duzu Zeru ahoak?

Lehendabizikoa amaitu genuenean, niri segida bat egiteko argumentua etorri zitzaidan burura, eta baneukan ideiaren bat. Nik pentsatzen nuen nahikoa segidan egiteko aukera egongo zela, baina ez zen hala gertatu. Berriro ideia aktibatu zenean, neukan argumentu hori ardatz harturik buelta bat eman nion, eta berridazten hasi ginen. Nerea Garciaren pertsonaiak jarraipena izan zezakeela argi neukan. Eta argi neukan beste gauza bat hau zen: Nerea Garcia Ertzaintzatik kanpo egongo zela —Hondar ahoak-en nola amaitzen duen kontuan hartuta—, eta, orduan, ikuspegia zeharo aldatzen zen. Protagonistak, boterearen aldean egon beharrean, hemendik aurrera pistolarik gabe eta beste modu batera egin beharko du lan.

Hondar ahoak-i nolabaiteko segida eman nahi izan diozu, baina apur bat independentea ere bada kontakizuna.

Hala da; niretzat modu independentean funtzionatzen du. Pertsonaiei eutsi diegu, baina egoera berrietan eta testuinguru berrietan jartzen dira. Saga moduko bat egin beharrean, izan zedila pertsonaia bera, baina gauzatxo batzuk berreskuratuz. Zeru ahoak ikusi nahi duenak ez du zertan Hondar ahoak ikusi. Ikusi badu, konexio txiki batzuk egingo ditu.

«Nire ustez, azkenaldian telesailetan joera handia dago edo aberatsak erakusteko, edo jadanik existitzen ez den erdiko klase bat erakusteko»

Ondarroa (Bizkaia) bezalako herri batetik Bilbora egiten du salto kontakizunak. Ez duzu erakutsi hiriaren alde ederra edo turistikoena; Bilboren alde ilunagoa-edo gailentzen da. Kontraste hori lortu nahi zenuen?

Ez dakit alde ilunena den; niretzat, alde turistikoa da ilunagoa bestea baino. Bilbotarren Bilbora edo periferiako Bilbora jo dugu. Hondar ahoak-en testuingurua kanpotik herri txiki batera joaten den norbaitena zen, eta oraingoan guztiz kontrakoa da; protagonista bere etxean dago, Bilboko aldiri ez-turistiko batean. Iruditzen zait Bilbo Euskal Herrian hiri kosmopolitatzat jo daitekeela, eta horregatik erabaki dut istorioa hor garatzea. Sentsazioa nuen hor gertatu behar zuela istorioak.

Periferiak aipatuta, pertsonaiekin ere antzeko zerbait egin duzu. Testuinguru desberdinetako pertsonaiak biltzen dira kontakizunean.

Nik uste azkenaldian telesailetan joera handia dagoela edo aberatsak erakusteko, edo jadanik existitzen ez den erdiko klase bat erakusteko. Bai Nerea Garcia eta bai haren inguruan daudenak jende normala dira: batzuek ile apaindegi batean lan egiten dute, protagonista alokairuan bizi da... Iruditzen zait badela jendearen gehiengo bat ez dena erakargarria fikzioan erakusteko. Ihes egin nahi izan diot zinema sozialaren zigilu horri: «Pobreak onak dira, pobreak direlako, eta aberatsak gaiztoak dira, soilik aberatsak direlako», niri ez zait ikuspegi hori interesatzen. Pertsonaiek gris gehiago dituzte, baina haien errutinak eta egunerokoa Euskal Herriko edozein auzotakoak izan daitezke.

Bestalde, pertsonaietako batzuek, telesaileko une jakin batzuetan, hainbat dilemaren artean aukeratu beharko dute.

Niretzat zehazki hori da Hondar ahoak-etik hona gehien landu izan duguna eta gehien gustatzen zaidana. Pertsonaiek erabaki batzuk hartu behar dituzte, eta bi erabaki horien artean ez dago bat ona dena eta beste bat txarra dena. Badira erabaki zalantzagarriagoak ere. Moralki ere erabaki batzuk hartu behar dira; hor daude familia, leialtasuna... Horregatik iruditzen zait pertsonaiek interesa irabazi dutela. Alde horretatik humanoagoak dira, erabaki horiek hartzeko orduan dituzten zalantzak, kezkak eta beldurrak areagotzen direlako.

«Ni pozik nago ikusita genituen baliabideak nola erabili ditugun eta zer emaitza lortu dugun. Ez dakit nola, mirari txikiak egiten ditugu aurrekontuekin; bai guk, bai beste batzuek»

Aurreko telesailean lan egindako pertsonaietako batzuk ageri dira Zeru ahoak-en, baina badira berri batzuk ere. Nolakoa izan da haiekin lan egitea?

Beti da abentura bat talde berri batekin aritzea. Bai alor teknikoan eta bai artistikoan, Hondar ahoak-etik zetorren jende nahikotxo izan dugu, eta gehitu direnekin ere gustura aritu gara. Niretzat interesgarria izan da ibilbide bat duten aktoreak hasiberriak direnekin nahastea. Gauza bera gertatzen da lantalde teknikoetan ere.

Hondar ahoak-en «nahi baino bizkorrago» egin behar izan zenuten lan; oraingoan nola jardun duzue?

Hura egin genuenean, astakeria bat izan zen: lau kapitulu grabatu genituen lau astean. Orain, lau kapitulu egin ditugu bost astean. Denboran ez dugu gehiegi irabazi, pixka bat bai, baina egia da aurreko hartan lokalizazio guztiak Ondarroan zeudela, eta ez ginela handik ateratzen; oraingoan lokalizazio gehiago genituen, materiala leku batetik bestera eraman behar genuen gehiagotan... Bost urtean asko aldatu dira gauzak, gainera. Pandemia bukatu berritan ez zegoen lan askorik; orain, berriz, lan asko dago, eta prezioak pila bat garestitu dira... Errealitate guztiz desberdina da. Ni pozik nago ikusita genituen baliabideak nola erabili ditugun eta zer emaitza lortu dugun. Ez dakit nola, mirari txikiak egiten ditugu aurrekontuekin; bai guk, bai beste batzuek.

Ikusleen artean oso erantzun ona izan zuen Hondar ahoak-ek. Zeru ahoak-ekin gauza bera espero duzu?

Gustatuko litzaidake jendeari gustatzea. Generoko lan bat da, entretenimenduzkoa, nahiz eta saiatzen garen gure egiteko modua eta ikuspuntua txertatzen. Jendea bi ordu eta erdian entretenitua badago, eta gustura ikusten badu, eta iruditzen bazaio telesailak merezi duela, horrekin nahikoa dut. Gero beste eztabaida bat da euskarazko fikzioarena. Nik beti esaten dut: guztiok honen inguruan hitz egin beharrean euskaraz sortutako lanak kontsumituko bagenitu, agian askoz hobeto joango litzaiguke. Esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean alde txikiagoa egongo litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.