Andoni Imaz

Zinema tigrea

2026ko irailaren 19a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tigrea luxuzko izaki bat da. Edo, bestela esanda, gastu hutsa. Hain da neurriz kanpokoa bizirik irauteko behar dituen baliabide energetikoen kontsumoa, hain errukigabea bere izate soilak eragindako biolentzia eta harrapakeria, non lerden eta axolagabe erakusten baitigu, besterik egin ez dezakeenaren inozentziaz, posible dela eman gabe hartzea, biharrik gabeko orain oparo batean laketzea. Eta, hain justu horregatik, bidegabea litzateke animalia arbuiatzea alferrikako gehiegikeriaren izenean: bere edertasun joria, bere joritasun ederra, nahikoa motibo dira presentzia erotiko hori maitatzeko. Antzeko zerbait esplikatzen du Georges Bataillek La part maudite liburuan (Zati madarikatua, 1949), erudizio imitaezinez.

Bada, Mariano Llinas zinemagileari aditu diot konparazioa: zinema tigrea da. Zenbat lan, zenbat diru, zenbat baliabide ez ote duen behar bere handitasuna ikusarazteko. Baina gauza delikatua da luxua, zeren distiraren pareko egonezina sortzen baitu jakiteak, desagertuz gero, ez lukeela kalte nabarmenik ekarriko ingurura, ez behintzat zera, «ai, ederra zen, ba, tigreari begiratzea», sentitzearen nostalgia baino larriagorik.

Zinema desagertzearen ideia eldarnio txoro bat besterik ez da hemen eta orain, nahiz eta Llinasen herrialdeko gobernuak urteak daramatzan filmen finantzabideak txikitzen, zinemaren erakundeak deuseztatzen eta ekoizle independenteak difamatzen, gastua murrizteko helburuz, noski, irizpide industrial eta ideologiko tamalgarriek gidatuta. Halaber, fatxa giro harrotu honetan, ez litzateke harritzekoa leku gehiagotan piztea zinema diruztatzeko baldintzei buruzko eztabaida, inoiz itzali bada —Espainiako Gobernuak dekretu bidez Donostiako Zinemaldiari eman berri dizkion milioi erdi euro horien moduko laguntzen jarraitutasunari buruzkoa, esate baterako—.

Halako mehatxu balizkoen aurrean, zeri heldu? Kultur industrien defentsak eta komunitate batek bere burua irudikatzearen garrantziak argumentu kontserbadore samarrak dirudite zinema tigrearen xarmapean. Dirura eta esanahira makurtu beharrik ez duen misterio bat baldin bada zinema, batez ere hori izan baldin badaiteke, ematekorik eta esatekorik ez duten filmak izango dira premiazkoenak. Izan ere, gauza harrigarriak ematen eta esaten dituzte film horiek —zinema, zorionez, tigrea baino eskuzabalagoa da—; formen arteko harremanen bidez eman, eta hitzak menderatu ezinezko era batera esan. Horixe sumatu nahi nuke egunotan aretoaren ilunean: denontzako luxu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA