Donostiako 73. Zinemaldia

Zinemaren ordua iritsi da

Daniel Hendlerren '27 noches' filmak emango dio hasiera, gaur, Donostiako 73. Zinemaldiari. Esther Garcia ekoizle espainiarrak eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrak jasoko dute Donostia saria.

Donostiako Kursaala, atzo, Zinemaldia hasi bezperan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Kursaala, atzo, Zinemaldia hasi bezperan. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2025eko irailaren 19a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken orduko ezusterik ezean, dena prest du Donostiako 73. Zinemaldiak. Gaur ekingo dio jaialdiak aurtengo programazioari, Daniel Hendler zuzendari uruguaitarraren 27 noches filmarekin, eta hilaren 27ra bitartean, bederatzi egunez, 200 bat film emango ditu sail ugaritan banatuta. Egun horretan, 27an jakinaraziko dute, larunbatarekin, zein diren aurtengo zinemaldian saritutako filmak.

Bestelako sariak ere emango ditu Zinemaldiak, eta, ohi bezala, Donostiaren izena daramana nabarmendu beharra dago. Aurten profil oso ezberdineko bi emakumek jasoko dute Zinemaldiaren aitortza: Esther Garcia ekoizle espainiarrak eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarrak.

Donostiako Zinemaldiak datozen egunetan eskainiko duenaren lagin bat da hau.

Euskal zinema

Inoiz izan ez duen lekua izango du euskarazko zinemak aurtengo jaialdiko Sail Ofizialean. Aurretik ere izan dira zenbait film zinemaldiko atal nagusian —Loreak (2014), Amama (2015), Handia (2017)—, baina azkeneko urteotan ez da hala izan, eta euskara entzun ahal izateko beste sail batzuetara jo behar izan da. Aurten, aldiz, hiru ekoizpenek izango dute toki nabarmena Sail Ofizialean.

Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak Maspalomas emango dute, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango da filma. Moriarti etxeko zinemagileak Zinemaldiaren aspaldiko lagunak dira; izan ere, Loreak-ez eta Handia-z gain —azken horrekin Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria irabazi zuten—, La trinchera infinita-rekin lehiatu ziren 2019an. Oraingoan zahar etxe batean sartu eta han bere homosexualitatea ezkutatu beharko duen 76 urteko gizonezko baten istorioa kontatu dute, eta Jose Ramon Soroiz eta Nagore Aranburu izan dituzte, besteak beste, aktoreen artean.

'Maspalomas' filma
Jose Ramon Soroiz, Maspalomas filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Euskarazko beste bi ekoizpen ere izango dira Sail Ofizialean, lehiaz kanpo biak ere. Batetik, Asier Altunak Karmele aurkeztuko du, zeina Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren egokitzapena den. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi dira 36ko gerran erbestera alde egin behar izan zuen familia baten bizipenak kontatzen dituen film horren protagonista nagusiak. Bestetik, Koldo Almandozek zuzendu duen Zeru ahoak telesailaren lau atalak emanaldi bakarrean emango dituzte.

Sail Ofizialetik kanpo ere izango du euskal zinemak bere lekua. Esaterako, Zuzendari Berriak sailaren lehiaren barruan erakutsiko du Irati Gorostidik bere lehenengo film luzea, Aro berria. 1978an girotu du Gorostidik filma, Gipuzkoako fabrika batean metalaren hitzarmenaz eztabaidan ari diren langileen artean. Desengainatuta, langileetako batzuek mendian dagoen komunitate batekin egingo dute bat. Contadores (2022) film laburrean jorratu zuen unibertsoan sakondu du zinemagileak lan horretan. Lur OIaizola Lizarraldek, bestalde, Bariazioak film laburra emango du Zabaltegi-Tabakalera sailean. Koadernaketa tailer bateko hiru ikasle ditu protagonista, liburuekin lan egiten duten bitartean bizitzaz, doluaz eta horien inguruko bariazioez hitz egiten dutenak.

Zinemira izango da aurten ere euskal zinemari beren-beregi eskainitako saila, eta hor, besteak beste, Patxi Bisquerten Onbuaren itzala, Inge Mendiorozen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako, Mikelatxo Urbi kolektiboaren Arg(h)itzen: Torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen eta Jesus Mari Lazkanoren Natura fugit animaziozko laburra izango dira ikusgai.

Bestalde, Klasikoak sailean 1980ko hamarkadaren erdialdean ekoitzitako iraupen ertaineko lau film emango dituzte: Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano).

Sail Ofiziala

Guztira 26 ekoizpen bilduko ditu Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialak, eta horietatik hamazazpi izango dira Urrezko Maskorra eta gainerako sariak eskuratzeko lehian. Juan Antonio Bayona zinemagilea buru izango duen epaimahaiari egokituko zaio sari horiek nori eman erabakitzea. Daniel Hendler zinemagile eta aktore uruguaitarraren 27 noches izango da lehian aurkeztuko duten lehenengo lana, eta hori bera emango dute gaurko inaugurazio galan.

Aurten, ohi bezala, antolatzaileek zinemagile ezagunen eta hasiberrien arteko oreka bilatu dute lehian izango diren filmak aukeratzeko orduan. Lehenengoen artean daude, adibidez, Joaquim Lafosse, Alice Winocour, Claire Denis, Edward Berger, Jose Luis Guerin, Alberto Rodriguez eta Agnieszka Holland. Lafossek zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra jaso zuen orain dela hamar urte, Les chevaliers blancs filmarekin, eta duela bi, berriz, Un silence-rekin lehiatu zen Sail Ofizialean. Rivierako luxuzko etxe batean geratzea erabakiko dute Six jours ce printemps-lĂ  bere azken filmeko protagonistek.

Denis ere lehian izan zen 2018an High Life zientzia-fikziozko pelikularekin —Fipresci saria irabazi zuen—, eta aurten Le Cri des Gardes aurkeztuko du. Mendebaldeko Afrikako herri-lan handi batean dago girotua filma. Han Albouryk (Isaach de Bankole) bertan hildako anaiaren gorpua itzultzeko eskatuko die bi ingeniariri (Matt Dillon eta Tom Blyth). Winocourrek Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen 2019an Proxima filmarekin, eta oraingoan Couture dakar, Parisko Modaren Astean girotuta dagoen eta,besteak beste Angelina Jolie eta Louis Garrel aktore lanetan dituen lana.

'Le Cri des Gardes' filma
Isaach de Bankole aktorea, Claire Denisen Le Cri des Gardes filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Guerinek ere Epaimahaiaren Sari Berezia saria eskuratu zuen 2001ean En construcciĂ³n-ekin, eta, orduan bezala, ez-fikziozko lan batekin lehiatuko da aurten: Historias del buen valle. Etorkin ugari dituen Bartzelonako auzo batean grabatu du filma. Holland, berriz, hirugarrenez lehiatuko da Donostian, Franz Kafkaren biopic batekin (Franz), eta Bergerrek —iaz, Conclave arrakastatsua aurkeztu zuen— Ballad of a Small Player erakutsiko du, zorrengatik Macaun babestuko den jokalari bati buruzko lana. Alberto Rodriguez ere sarritan izan da Sail Ofizialeko lehian (La isla mĂ­nima, El hombre de las mil caras), eta aurten Los tigres erakutsiko du, urpekariei buruzko istorio bat.

Dolores Fonzi (Belén), Milagros Mumenthaler (Las corrientes), Arnaud Desplechin (Deux pianos), Yutaro Seki eta Kentaro Hirase (Sai: Disaster), Alauda Ruiz de Azua (Los domingos), Quin Xiaoyu (Jianyu laide mama) eta James Vanderbilt ere (Nuremberg) beren filmekin lehiatuko dira.

Donostia sariak

Oso profil ezberdineko bi emakumek jasoko dute Donostia saria aurten. Gaur bertan, Esther Garcia ekoizle espainiarrari egingo diote aitortza, eta hark bere ibilbidean erakutsi duen «independentzia, arriskua eta bikaintasuna» saritu. 1986an El Deseo ekoiztetxean hasi zen lanean, eta orduz geroztik Pedro Almodovarren film guztietan lan egin izan du. Horretaz gain, Daniel Calparsoro, Alex de la Iglesia eta Isabel Coixetekin ere aritu da.

Jennifer Lawrence aktore estatubatuarra izango da Donostia saria jasotzen bigarrena. Ostiralean egingo dute hari saria emateko ekitaldia, eta egun horretan bertan emango dute Lawrence protagonista duen Die My Love filma ere. Lawrencek The Hunger Games trilogia arrakastatsuan parte hartu du, eta baita American Hustle, Don't Look Up eta Joy filmetan ere. Halaber, Excellent Cadaver ekoiztetxearen sortzaileetako bat ere bada.

Perlak

Aurten ere nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan emandako —eta askotan saritutako— filmen erakusleihoa izango da Perlak saila, eta horren barruan hamasei pelikula emango dituzte guztira. Richard Linklaterrek zuzendutako Nouvelle Vague filmak emango die hasiera emanaldiei. Cannesen eman zuten Linklaterren azken filma, eta Frantziako zinema jaialdiko irabazle nagusietakoak izan ziren, berriz, Jafar Panahiren Un simple accident —Urrezko Palma jaso zuen— eta Kleber Mendoçaren O agente secreto —zuzendari eta aktore onenarentzako sariez gain, Fipresci saria ere eskuratu zuen—.

Veneziako zinemaldian oihartzun handiz eman ondoren —23 minutuz txalotu zuten— iritsiko da Donostiara The Voice of Hind Rajab (Kaouther Ben Hania), Gazan Israel egiten ari den genozidioari aurrez aurre begiratzen dion film bat. Auto batean harrapatuta dagoen 6 urteko haur bat erreskatatzeko ahaleginak kontatzen ditu filmak. Italiako jaialdian izan dira, era berean, Le mage du Kremlin (Olivier Assayas), Jay Kelly (Noah Baumbach) eta L'étranger (François Ozon), Albert Camusen eleberriaren egokitzapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.