BERRIAK '25. Fotograma' saioa egingo du Donostiako Zinemaldiko egunetan

Garazi Karrera kazetariak euskarazko filmetako zuzendari eta aktoreak elkarrizketatuko ditu Donostian. Paperean eta webean, zinema jaialdiaren kontakizun berezia egingo du BERRIAk.

Nagore Aranburu eta Garazi Karrera, iaz, '25. Fotograma' saioan. BERRIA
Nagore Aranburu eta Garazi Karrera, iaz, '25. Fotograma' saioan. BERRIA
2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko hiru urteetan bezala, BERRIAren ikus-entzunezko taldeak 25. Fotograma saioa egingo du Donostiako Zinemaldian. Jaialdiko egunetan, Garazi Karrera BERRIAko kazetari eta bideogileak hainbat elkarrizketa egingo ditu, euskal zinemagile eta aktoreekin. Ez hori bakarrik: saio berean, bideo bereziak emango dituzte. Eta kritikari lanetan ari direnek ikusitako filmen iruzkinak egingo dituzte: Lander Garrok egingo ditu Sail Ofizialekoak, eta Uxue Arzelusek beste sailetakoak.

Karrerak egindako elkarrizketak Kursaalaren behealdean grabatuko dituzte, BERRIAren platoan. Etzi hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta lehen egunean, 25. Fotograma saioan, Karrerak Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentaleko Inge Mendioroz zuzendariarekin eta Idoia Garzes gidoilariarekin hitz egingo du. Hurrengo egunean, Maspalomas filmeko —Sail Ofizialean lehian izango da— Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariak elkarrizketatuko ditu. Ondotik iritsiko dira beste honako elkarrizketa hauek: Lur Olaizola Bariazioak film laburreko zuzendaria, Sara Fantova Jone batzuetan filmeko zuzendaria, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoi Karmele filmeko aktore protagonistak, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileak —Zinemira saria jasoko dute hilaren 23an, eta lehenak Karmele zuzendu du—, Irati Gorostidi Aro berria filmeko zuzendaria, Manu Gomez Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentaleko zuzendaria, eta Koldo Almandoz Zeru ahoak telesaileko zuzendaria.

BERRIAko Kultura saileko kazetariek, ohiko moduan, zinema jaialdiaren berri emango dute. Artikuluak, erreportajeak eta elkarrizketak irakurri ahalko dira paperean eta webean. Aurten, Lander Garrok eta Uxue Arzelusek idatziko dituzte zinema kritikak.

Gala nagusiak ETBn

Beste alde batetik, EITBk arreta berezia jarriko du Donostiako Zinemaldian. ETBko albistegietan, jaialdian gertatzen denaren berri emango dute, baita beste programa batzuetan ere. Hala izango da Euskadi Irratian ere.

ETBk nazioarteko zinema jaialdiaren hainbat ekitaldi garrantzitsu emango ditu. Kasurako, etzi ETB1ek inaugurazio gala emango du zuzenean Kursaaletik (20:30). El Terratek (The Mediapro Studio) idatzi eta zuzenduko du gala hori, eta aurkezleak Itziar Ituño, Silvia Abril eta Toni Acosta izango dira. Ekitaldi horretan, Esther Garcia ekoizleari Donostia saria emango diote.

Hilaren 23an, Euskal Zinemaren Gala egingo dute Viktoria Eugenia antzokian. Hori ere ETBn ikusi ahalko da —ETBk berak ekoizten du ekitaldia—. Aurten, aurkezleak Sara Cozar eta Joseba Apaolaza aktoreak izango dira. Bertan, EITBren Egile Berriak saria Sara Fantova zinemagileari emango diote.

Hilaren 26an, Jennifer Lawrence AEBetako aktoreak Donostia Saria jasoko du Kursaalean. Ekitaldi hori bera ETB4 kateak emango du zuzenean —La2 katean, berriz, diferituan emango dute—.

Zinemaldiko azkeneko egunean, hilaren 27an, sariak banatzeko ekitaldia egingo dute Kursaalean. Ohiko moduan, ETB1ek eta TVEk emango dute ekitaldia, zuzenean (21:00). Interneten ere ikusi ahalko da, Eitb.eus eta RTVE Play atarietan. Itsaso Arana aktoreak egingo ditu aurkezle lanak.

EITB Gala ezingo da telebistaz ikusi —hala izan ohi da—. Baina aurtengoa berezia izango da oso: batetik, aurreneko aldiz Belodromoan egingo dutelako —gonbidapen guztiak banatuta daude—. Eta, bestetik, Euskal Herria Hegan saio berriko Gipuzkoa Hegan atala pantaila erraldoi batean emango dutelako, zuzeneko musikarekin lagunduta. Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak jo eta Goikobalu abesbatzak kantatuko du. Han izango da Olatz Salvador kantaria ere. Hilaren 21ean ospatuko dute gala hori, 18:00etan. Euskal Herria Hegan programa urrian estreinatuko dute ETBn.

Urrira itxaron gabe, beste estreinaldi garrantzitsu bat egingo du EITBk hilaren 28an: Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu ostean, Koldo Almandozek zuzendutako Zeru ahoak telesaila ematen hasiko da ETB1 igande horretan. Hori da, hain zuzen ere, Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko duten euskarazko aurreneko telesaila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.