Xabi Strubellek (Palma, Herrialde Katalanak, 1978) ziklikotasunaren indarrean sinesten du. «Zenbaitek denbora erabat lineala balitz bezala hartzen du, eta gizarte ereduari dagokionez, dena dago bideraturik ekonomikoki aurrera egitera, linealki. Ekonomia zirkularra deitzen dena interesgarria egiten zait horren kontrara, eta baita bizitza zirkularra ere».
Zentzu askotan egiten dio keinu ziklikotasunari Zura taldearen Egunkari ezkutua lan berriak (Elkar-Oihuka). Strubellek gidatzen du taldea 2004an sortu zuenez geroztik, eta zazpi urtez diskorik atera gabe egon ondotik, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren Leturiaren egunkari ezkutua liburua, 1957an idatzia, hartu du inspirazio iturri ez ezik langai modura ere disko berria osatzeko.
Liburua irakurtzen ari zela Txillardegiren idazkera «lau, kaletar, zuzenak» atentzioa eman zion Strubelli, eta han kantuen hitzetarako behar izaten duen poetikotasuna atzeman zuen. Nobela baten hitzetatik poetikotasunera lerratutako hitzak ondu zituen hartara. «Asmoa ez da hitzez hitz puskak hartzea, baizik eta irudi poetikoak birsortzea, testuinguru berri batean». Har dezagun, esaterako, Uda 2: Errautsak diskoko bosgarren kantuaren letra. Honela dio: «Puskaka ta asmamenaz / ezagutzen dugu bakarrik/ zoriona/ ta gure barrenean/ eduki baino/ antzeman/tristura larrimiña, bete-ezina/ denok ezagutu ditugu/ haietaz mintzatu nahi ez dugula/ puskaka eta asmamenaz / ezagutzen dugu/ bakarrik/ zoriona». Euskal literatura modernitatearen bidean jarri zuen Txillardegiren lan hark, existentzialismoa besarkaturik, Unamuno, Sartre, Camus eta enparauen besotik helduta, eta estetika hura, Zura azkenaldian lantzen ari zen rock lengoaiarekin ondo ezkontzen zela deliberatu zuen Strubellek. «Liburuari eta bere testuei aurre egiteko orduan, collagea, remixa, kiribilketa eta berrasmakuntza izan ditugu tresna. Alegia, Txillardegiren liburua birpentsatu egin dugu, gureganatu, eguneratu, bete-betean rockaren estetikan kokatuz».
Txillardegiren liburua urtarotan banatua dago, eta halaxe egin du Strubellek ere diskoan. Udaberriari dagokion atalean hiru kantu sartu ditu: Zeru-lurra, Euria eta Itxaso. Udarekin beste bi lotu ditu: Hipotesi txalogarriena eta Errautsak. Beste hiru udazkenarekin: Ta heriotza, Bi hosto eta Negar ixila eta azken biak neguarekin: Landareak eta Paris. «Urtaroek ederki azaltzen dute ziklikotasuna, denbora zirkularra. Urtero pizten da udaberria, bizitza bezala».
Eta rocka piztu zen
Laukotea zen Zura Kiribil bigarren diskoa kaleratu zuenean, 2008an, eta bossa novan oinarrituriko doinu goxoagoak lantzen zituen. Nerea Olaxa kantariak taldea utzi zuen eta hiruko modura Hondarribiko lokalean hasi ziren inprobisazioak egiten eta kantuak lantzen Strubell bera (gitarra eta ahotsa), Hans Dieckmann (baxua) eta Eñaut Balentziaga (bateria). «Zurak kolektibo ireki baten modura funtzionatu du, jendea sartu eta irten egin da, baina lan honetan talde izaera sendotu egin da, eta diskoan islatu egiten da». Aurrerago beste bi lagun batu zitzaizkien, Arkaitz Amunarriz (gitarra) eta Jurgi Ekiza (ahotsa). «Jurgirena oso ezusteko polita izan da, diskoan parte hartzera etorri zen, eta orain taldeko kide da. Diskoaren aurkezpeneko lehen kontzertuetan gurekin izango da».
Hastapenetako inprobisazio horietan ageri zen dagoeneko rock gogor baterako joera. Horretan ere ziklikotasunak jarri du bere zutarria, Strubellen hitzetan. «1990eko hamarkadan AEBetako rock jakin batekin hezi ginen gu: Fugazi, Helmet, The Beyond eta gisakoak entzuten genituen, Bidasoaldean bereziki, gainera. Mugimendu hura guztia eskola baten gisara gogoratzen dut, eta nolabait bada hartara itzultzea, eta orduan sentitu genuen energia hori guztia sentitu nahi dugu». Lif taldeko kantari izandako Danel Emazabelek ere ahotsa sartu du kanturen batean. Hondarribian izan zen rock loraldi bat duela bi hamarkada pasatxo, Beti Mugan, Orgasmic Toothpicks, The Illusions, Lif, Dut eta abarrekin. Dut talde erreferentzialeko kidea izan zen Strubell, hasi eta buka.
Rockaren irmotasuna, zirimola sonikoa, eta Txillardegiren nobelatik ateratako ideien artean koherentzia estetiko eta etikoa dagoela iritzita, Strubellek hainbat garai, pertsona eta espazioren «berridazketa, berrikuspen eta eguneratze bat» proposatu ditu, bide batez, musika eta literaturaren artean «beste zubi bat» sortuz.
LEHEN KONTZERTUAK
Urriak 10: Hondarribiko (Gipuzkoa) Psilocybenea aretoan .
Urriak 24:Â Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean.
Azaroak 14: Donaixtiko (Nafarroa Beherea) herriko gelan.
Azaroak 28: Oñatiko (Gipuzkoa) gaztetxean.
Zirimola ziklikoa
Zura taldeak 'Egunkari ezkutua' diskoa kaleratu du,Txillardegiren eleberria langai izanik eta rock indartsuaren soinu lengoaiara itzuliz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu