«Zorionak eman, eta lanean ondo ari garela esan digute Bruselan»

Pablo Berastegiren ustez, Jarraipen Batzordeko kideak «gustura» geratu dira Donostia 2016ko ordezkarien azalpenekin

Donostia 2016 Fundazioaren ordezkariak, atzo, Bruselan. DSS2016.
Juan Luis Zabala
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Zorionak ematearekin batera, esan digute gure proiektua ondo dagoela eta lanean ondo ari garela», adierazi zuen Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak atzo arratsaldean, telefonoz, Bruselatik, hiri hartan Europako Kultur Hiriburuen Jarraipen eta Aholkularitza Batzordearekin egindako bileraren berri ematean. «Nik uste dut proiektua beti izan dutela oso gustuko Europan eta horregatik eman ziotela Donostiari hiriburutza. Gure gaurko aurkezpenaren ondoren, berretsi egin dute proiektuaren espirituari fidel gatzaizkiola oraindik ere, proiektua interesgarria dela oraindik, eta behar diren urratsak egin ditugula proiektua kultur hiriburutzaren programak ezarritakoirizpideen arabera garatzeko».

Batez ere, bi gairen inguruko kezka agertu zieten batzordeko adituek Donostia 2016ko ordezkariei, Berastegik kontatu duenez: finantzaketaren ziurtapena eta talde lanaren osaketa. «Finantzaketari dagokionez, maiatzeko hauteskundeetako emaitzek aurreikusitako aldaketak eragin ote zitzaketen galdetu digute, baina alkateak eta gainerako erakundeetako ordezkariek berretsi dute ez dela inondik ere halakorik izango, eta aurreikusitako finantzaketa ziurtatuta dagoela».

Hiriburutzaren aurrekontua 63,6tik 47,8 milioi eurora jaitsi behar izan du Donostia 2016 Fundazioak, % 25 inguru, baina egungo aurrekontuarekin ere «hiriburutza on bat» egin daitekeela uste du Berastegik.

Lantaldearen osaketari dagokionez, «atzerapena» aitortu du. «Urte hasieran 40 eta 50 lagun bitarteko lan taldea izatea zen gure lehen asmoa, baina Aste Santua pasatu arte ezin izango dugu lantaldean sartu proiektua hobeto kudeatzen lagunduko diguten hainbat kide berri. Batzordeko kideek uste dute —eta geuk ere hala uste dugu— hobe litzatekeela aurreratuagoak egotea alor horretan, baina ezinezkoa izan da, eta saiatuko gara hutsune hori lehenbailehen betetzen».

«Otsaileko galdetegia erantzun genuenetik gaur arte egindako urratsen eta gerora begira ditugun asmoen berri eman diegu, eta, itxuraz behintzat, gure azalpenekin gustura geratu dira», azaldu du Berastegik. «Egin dizkiguten galderei erantzun diegunean, ez dute galdezka jarraitu, eta horrek pentsarazten digu ase dituztela guk emandako erantzunek. Dena den, azken txostena irakurtzean jakingo dugu hori benetan hala izan den, hiru aste barru». Hiru aste barru jakingo baita Donostia 2016k Melina Mercouri saria —1,5 milioi eurorekin hornitua— emango dioten. Batzordeak saria ematearen aldeko gomendioa egingo du, irizten badio Donostia 2016k kultur hiriburutza orok izan behar dituen irizpideak bete dituela. Sari hori da Europako erakundeek izendatutako Europako kultur hiriburuei ematen zaien diru laguntza bakarra; orain arte hautatutako kultur hiriburu guztiek jaso dute.

Barne gatazkei arretarik ez

Batzordeko kideek ez zuten galderarik egin Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016ko Fundazioari hizkuntza gutxituen goi biltzarra antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmenari jarritako helegitearen auziaz. «Ez diote horri beste espazio batzuetan eman zaion garrantzia eman», Berastegiren ustez. «Haien ardura nagusia da proiektuak kultur hiriburutza orok izan behar dituen irizpideei erantzutea: dimentsio europarra izan dezala, Europako herrien aniztasuna eta aberastasuna erakustea, herritarren parte hartzea sustatzea... Batzordeko kideak kultur hiriburutzetan lan egindakoak dira, eta badakite horrelako proiektuetan beti sortzen direla era askotako gatazkak, eta horrelakoak sortzen direnean horiek gainditu eta aurretik pentsatutako moduan lanean jarraitu beharra dagoela».

Batzordeko kideak «oso ulerbera» agertu ziren bileran, Berastegik azaldu duenez, eta gai batzuen inguruan proposamen batzuk ere egin zituzten, beren eskarmentuan oinarrituta. «Pozgarria izan da jabetzea proiektuari berari eta proiektuaren garapenari ematen diotela arreta eta garrantzia, eta ez haren inguruan sortutako zaratari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.