Gaur deialdia zabalduta, Donostia 2016k eta Etxeparek abian jarri dute, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteaaren lankidetzarekin, Itzultzaile Berriak proiektua, Donostia 2016ren Ahotsen Itsasargian integratua. Ekimen honen bidez nazioarteko zortzi literatur itzultzaile aukeratuko dira euskara ikas dezaten. Zortzi itzultzaile horietatik lauk ez dute euskaraz jakingo, eta beste lauk euskararen oinarrizko ezagutza baino ez dute izango.
Hautatutako zortzi itzultzaileek Euskal Herrian egonaldiak egingo dituzte, 2015eko ekaineko bigarren hamabostaldiaren eta 2016ko martxo amaieraren arteko epean, oraindik zehaztu gabeko datetan, beren euskararen ezagutza hobetzeko.
Euskaraz ez dakiten lau itzultzaileek sei hilabeteko egonaldia egingo dute; oinarrizko ezagutza duten lau itzultzaileek, berriz, hilabetekoa. Itzultzaile guztiek ikastaro intentsibo batean parte hartuko dute, barnetegi batean, ahal bada denek batera.
2016ko udazkenean, programarako hautatutako zortzi itzultzaileek EIZIEk antolatutako itzulpen tailer batean parte hartuko dute, Tabakaleran, haietako bakoitza euskal idazle batekin elkarturik, itzultzaile-idazle bikoteak osatuz gisa horretan. EZIEk azken urteotan Idazlea itzultzaileen lantegian izenburuarekin antolatu duenaren gisakoa izango da tailer hori, baina itzultzale eta idazle gehiagok hartuko dute parte. Jendaurreko ekitaldi bat ere egingo dute, itzulitako idazleekin batera, tailerrean gertatutakoaren berri emateko.
Horrez gain, sei hilabeteko egonaldia egiten duten itzultzaileek diru laguntza bat jasoko dute euskal literaturako liburu bana gaztelania ez den beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratzeko.
Sei hilabateko egonaldirako deialdira aurkezterakoan, beren kurrikuluma aurkezteaz gain, zein liburu itzuliko luketen, zein hizkuntzara eramango luketen, eta emaitza non argitaratuko luketen adierazi behar dute hautagaiek.
Ekimen honen bidez, euskaraz sortutako liburuen itzulpena bultzatu nahi dute Donostia 2016, Etxepare Euskal Institutuak eta EIZIEk, ekimenean itzuliko diren liburuak argitara emateaz gain euskaratik munduko beste hizkuntzetara itzultzeko gaitutako itzultzaile sare zabal bat sortuz eta indartuz.
Deialdia zabaltzeko beren kontaktuen sarea erabiliko dute Donostia 2016k, Etxepare Eiuskal Institutuak eta EIZIEk.