«Hau ez da omenaldi bat, ez da erreplika bat. Hau elkarrizketa artistiko bat da». Imitatzeko bainoago, erantzuteko jaio da Loraldiaren ikuskizun berria: Ikimilikiliklik Vol.2. Baina ez da ikuskizun bat soilik, adierazpen bat da, Amaia Ozerin Loraldiaren komunikazio arduradunak esplikatu duenez. Gaur egin dute obraren aurkezpena, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen Gunean.
Batzuek oroituko dute akaso, baina egonen da jakinen ez duenik ere. Duela 50 urte Ikimilikiliklik ikuskizuna sortu zuten Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak. Musikaz, poesiaz eta margolanez jantzitako emanaldi bat zen, baina gutxi batzuek bertzerik ez zuten izan hura ikusteko aukera. Euskal Herrian aurkeztu ondotik, urrunxeago eraman zuten obra: Veneziako Biurtekoraino.
Mugarri bat izan zen ikuskizuna, eta, haren urteurrena probestuta, emanaldiari erantzun bat ematea otu zitzaion Loraldiari. «Garbi genuen zer lortu nahi genuen», erran du Ozerinek: «Gizarteari eta bereziki euskal kulturari zerbait berezia eskaintzea».
Eta hasi ziren, beraz, hariak lotzen. Edurne Azkarate, Iñaki Salvador eta Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro lotu zituzten lehendabizi, eta lantaldea osatzen jarraitu zuten gero: Libe Kortazar abeslaria, Intza Alkain aktorea, Itziar Garaluze artista bisuala, Vanesa Santos argi diseinuetan aditua eta Mikel F. Krutzaga soinu espazioetan aditua.
«Sentsazioen bila joan behar genuen, horixe zelako guztiek oroitzen zuten gauza bakarra. Eta egia da (...) Sentimenduek, sentsazioek eta irudimenak sortu dute obra hau ere»
EDURNE AZKARATE Aktorea
Azkarate da proiektu honen zuzendaria, eta bazekien zeren bila zihoan: «Zubi bat eraiki behar zen iraganaren eta orainaren artean, baina elkarrizketa bat izan behar zuen derrigor. Noski, ez elkarrizketa konfrontatibo bat, baizik eta kolaboratzailea», azaldu du. Alegia, jatorrizko testuak bere horretan utzi eta orainean lurreratu nahi zituzten, eta horregatik behar zen elkarrizketa bat, ikusteko nola funtzionatzen duten garaiko testuek gaurko moldeetan.
Ez da omenaldi bat, ez, baina Intza Alkaini miresmen pixka bat dario garai hartako testuez aritzean: «Nire lagunei esaten diet etorri behar dutela, ze ikaragarria da orain dela 50 urteko testu horiek entzutea. Eder-ederrak dira, eta pasada bat da guk horiek ahots goran irakurri ahal izatea». Ez dute testurik manipulatu, baina baliteke erranahia hagitz bertzelakoa izatea gaur egun; garai berriek aldaketak dakartzatelako, bertzeak bertze. «Oso era gozagarrian sortutako ikuskizuna da, eta horregatik bakarrik merezi du ikustera etortzea», gaineratu du.
Oinarrizko galdera bati erantzutea zen lehendabiziko erronka, Azkaratek oroitu duenez. «’Zer da gaur egun abangoardia izatea?’ galdetzen genuen», eta aurkitu zioten erantzuna galderari: «Musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak batzen dituen ikuskizun apurtzailea». Horixe da Ikimilikiliklik Vol.2, beraz.
Memoriari tiraka
Azalpen teoriko guztiak oholtzaratzeko, baina, dokumentazio lana egin behar izan zuten aitzinetik, eta Azkaratek kontatu du nahiko kontu bitxia gertatu zitzaiela horrekin. Jatorrizko Ikimilikiliklik obra ikusi zuten hainbatengana jo zuten informazio bila, eta gauza bera erantzun zieten guztiek: «Ez naiz oroitzen». Gomutatzen zuten zerbait, ordea: «ikaragarria» izan zela. Azkaratek, orduan, zirrikitu posible bat ikusi zuen, erran duenez. «Sentsazioen bila joan behar genuen, horixe zelako guztiek oroitzen zuten gauza bakarra. Eta egia da diskoa entzuteak sentsazio pila bat sortzen dituela. Sentimenduek, sentsazioek eta irudimenak sortu dute obra hau ere».
Dei bidez jaso zuen Azkaratek emanaldia sortzeko enkargua, eta «ilusio handia» egin ziola aitortu du. Baina ilusioa edukitzea ez zen aski harentzat, eta ongi pentsatu zuen lan hori zintzoki egin zezakeen edo ez. «Zer egin baino gehiago, pentsatu behar da nola eta norekin egingo den». Baiezkoa eman zion Loraldiari, eta ikuskizuneko jokalari bakoitzera elementuak nola lurreratu pentsatzen hasi zen.
«Berrikuntzaren aldeko apustua da, belaunaldien arteko elkarrizketa bat eta formatu handiko proposamenak sustatzen dituena»
AMAIA OZERIN Loraldiko komunikazio arduraduna
Musikarekin ere halatsu aritu dira: probatzen. Iñaki Salvador aritu da arlo hori gidatzen, baina onartu du «guztion artean» egin dutela lana. Txoria nuen maite diskoa argitaratu zuen Salvadorrek 2023an, eta banan-banan aritu dira kantu bakoitza ikuskizunera egokitzen.
«Loraldiak beste urrats bat egin du euskal kultur sorkuntzan eragile aktiboa izateko bere misioan», erran du Ozerinek. Eta sinistuta dago ikuskizun berriak bete-betean egiten duela bat Loraldiaren balioekin. «Berrikuntzaren aldeko apustua da, belaunaldien arteko elkarrizketa bat eta formatu handiko proposamenak sustatzen dituena». Euskal Herriko oholtzetan arituko dira oraingoz, baina hasiak dira handiago amesten, Ozerinen arabera: «Badakizue zer izango litzatekeen oso polita? Gure obra ere Veneziako Biurtekora iristea».
Baina bertzelakoa da oholtzako kideen benetako ametsa: utz dezala arrasto bat euskararen edozein alorretan. «Gizon bat lagunek behartuta joan zen behin Ikimilikiliklik ikustera», oroitu du Ozerinek, «ez zekien euskaraz, eta badakizue zer esan zuen ikuskizunetik atera zenean? ‘Euskara ikasi behar dut, zeren zerbait galtzen ari naiz hemen’». Horixe da, hain justu, Loraldiak lortu nahi duena, eta konbentzituta daude esku artean duten obra mugarri bat izanen dela euskal kulturan, orain 50 urte izan zen bezalatsu.
Probak eta fruituak
Lantaldeko kide guztiek azpimarratu dute «oso ondo» funtzionatu dutela taldean, eta «luxu» bat izan dela elkarrekin aritzea sormen prozesuan. «Bakoitzak bere aletxoa jarri du, eta kode berri asko aztertu ditugu», esplikatu du Harkaitz Martinez de San Vicentek. Zenbaitetan «harrituta» gelditu dela onartu du, aurrez ezagutzen ez zituen toki batzuetatik «fruitu pila bat» atera direlako. «Oso prozesu aberasgarria izan da niretzat». Haren hitzak berretsi egin ditu Navarrok, eta onartu du hasieran uste zuela «txalaparta jotzera bakarrik» zetozela. «Baina gauza berri asko probatu ditugu, eta inoiz egin gabeko probak egitera ausartu gara».
Ausardia horixe azpimarratu du Loraldiko komunikazio arduradunak ere, azaldu baitu «obra ausartak» direla bai Ikilimilikiliklik, bai Ikimilikiliklik Vol.2. «Jakin behar da iraganeko obraren ausardia horri eusten, eta obra berriaren ausardia berriarekin asmatzen».
Gaur elkartu diren leku honetan bertan eginen dute ikuskizunaren aurrestreinaldia, Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, entsegu eta bilera guztiak egin dituzten tokian; azaroaren 12an izanen da. «Oso eskertuta gaude Saroberekin, obra honek hemen hartu duelako aterpe beti, eta hemen jaio delako», erantsi du Ozerinek.
Estreinaldia azaroaren 14an eginen dute, Iruñeko Baluarte aretoan, Iruñaldiaren programazioaren barnean. Eta badute martxorako bertze data bat lotua ere: Bilboko Arriaga antzokian arituko dira, martxoaren 12an.