Kritika. Dantza

Zubi mistiko bat

Agus Perez.
2026ko martxoaren 24a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'CE QUE LE JOUR À LA NUIT'

Konpainia: Herve Koubi. Koreografia: Herve Koubi. Musika: Maxime Bodson, Hamza El Din - Kronos Quartet, Juan Sebastian Bach, Sufi musika tradizionala. Argiak: Lionel Buzonie. Jantziak: Guillaume Gabriel. Lekua: Iruñeko Gaiarre antzokia. Eguna: martxoak 20. 

Ce que le jour doit à la nuit (Egunak gauari zor diona) deitu da Herve Koubi konpainiak Iruñera ekarri duen pieza dantzatua. Izenburuak erakarrita joan naiz Euskal Herriko hiriburura, izen bereko eleberriak aztarna sakona utzi zidalako bere garaian, hain sakona non harrezkeroztik bere beste liburu batzuk ere irakurri ditudan —L’attentat ere gomendatzen dizuet, besteak beste—. 

Yasmine Khadra dugu eleberriaren egile, eta ezizen femenino horren atzean Mohammed Moulessehoul gizonezko eta Aljeriako ejerzitoko kapitaina dago —2000. urtean utzi zuen armada—. Nortasun poliedrikoa, gero, are gehiago frantsesez idaztearen deliberoa hartu zuelako. Kontu horiek polemika handia ekarri zioten, baina frantsesaren aldeko hautuarena oso konplexua da gure eskemetatik arinkeriaz epaitzeko. Izan ere, Afrika osoko idazleen dilema da jatorrizko hizkuntzan ala tokatu zaien hizkuntza kolonialean idaztearena.

Odoltsuak eta krudelak izan ziren frantziarren kolonizazioa eta Aljeriako askapen-gerra, baina ezinbestean sortu ziren bi kostaldeen arteko harreman pertsonalak eta kulturalak. Horretaz dihardu, maisuki jardun ere, Yasmina Khadraren liburuak, eta segur aski horregatik hartu zuen aintzat Herve Koubi koreografo bretoiak izen bereko dantza lana 2013an sortzeko. Koubiren txanda da orain: hasierako parlamentu batean konpainiako kide batek haren gutun bat irakurri digu, bertan azalduz nola hogeita bost urterekin deskubritu zuen bere jatorri arabiarra —aiton-amonek arabieraz baino ez zekiten—, nola konpainiako kideak Aljerko kale-dantzariak izan direla eta nola bere asmoa den bere bi munduen arteko zubi mistiko bat dantzaren bidez eraikitzea.

Koubiren taldean gizonezkoak dira guztiak eta zuriz jantzita agertu dira denak: praken gainean alboko hegalak zituen gona moduko bat zeramaten eta une batetik aurrera agerian utzi dute bularralde gihartsua. Maisuak dira kale arteetan, eta haien airetiko piruetak eta itzulipurdiak izan dira lanaren osagarri nagusiak, gorantz —zerurantz agian— luzatu dituzten beso eta begiradekin batera. Une batean pasabide inklinatu bat eratu dute gorputz makurtuekin, eta handik igaro denak hutsera bota du bere burua, besteek airean jaso zezaten. Gorputzek beren bolumen espazial osoa hartu dute besoak eta hankak indartsu luzatuz. Musika asko elkartuta osatu da soinu-paisaia, eta noizbehinkako isiluneetan izandako atrebentzia akrobatiko batean ikusleen arnas kolpe kolektiboa entzun dugu argiki.

Protagonismo handia hartu dute derbitxeen estiloko jira-birak gonetako hegalek lagunduta, eta harrigarria izan da birak buruz behera eta denbora luzez egin izana. Amaiera aldera, oldarraldi moduko bati ekin diote argi gorrixkan eta musika ilunean bilduta eta dena bukatu da bakealdi betean dantzari batek arabieraz errezitatu duen otoi batekin. Goi mailako emanaldi bat izan da, baina egunak gauari zor diona ezagutu nahi duenak liburua irakurri beharko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!