Fernando Truebaren El artista y la modelo, Pablo Bergerren Blancanieves, Sergio Castellittoren Venuto al mondo eta Javier Rebolloren El muerto y ser feliz filmak Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko. Lehiaz kanpo baina Sail Ofizialean emango dituzte, berriz, Eduard Cortesen ¡Atraco! eta Juan Antonio Bayonaren The Impossible.
Zabaltegi Bereziak sailean hiru euskal zuzendariren lanak erakutsiko dituzte. Batetik, Fermin Muguruzak Zuloak rock taldeari buruz eginiko Zuloak dokumentala emango dute; bestetik, Aitor Mazok eta Patxo Telleriak lau eskutara zuzendutako Bypass komedia erromantikoa, eta azkenik, Baztan, Iñaki Elizaldek zuzendu duen agotei buruzko film historikoa.
Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren hiru film ere ezagutarazi ditu Zinemaldiak: Animals (Marçal Fores), Chaika (Miguel Angel Jimenez) eta Los Increibles (David Valero).