Oso bi pelikula ezberdin izanda ere, bi ezagugarri komun dituzte nabarmen Zuloak eta Baztan filmek: Donostiako Zinemaldi bukatu berriko Zabaltegi sailean aurkeztu dituzte, eta Euskal Herrian eginak dira. Halabeharrak berriro elkartuko ditu estreinaldian, biak asteburu honetan ailegatuko baitira areto komertzialetara.
Ezagutarazi bezain pronto, jakin-min handia piztu zuen Fermin Muguruzaren proiektu berriak, emakumeez osatutako Zuloak taldearen inguruko dokumentalak. Batzuk berehala hasi ziren han eta hemen galdezka: Noizkoa da emakumeen talde hori? Nolatan ez dugu ezagutzen? Interneten begiratuta, datu bakan batzuk topatzerik besterik ez zen.
Zinemaldian bertan, filmaren estreinaldiaren aurretik, Muguruzak jakinarazi zuen Euskal Herriko musika giroan ibiltzen direnentzat gauza jakina zena, dokumental faltsua dela Zuloak, eta izen bereko taldea ez zela sekula existitu.
Hala ere, fikzioak errealitatea bultzatuko balu bezala, filma aurkeztearekin batera martxan jarri da taldea. Joan den hilabeteko iraungitze data duen Zuloak taldeak bira bat hasi zuen, eta Euskal Herriko zein atzerriko hainbat tokitan joko dute hurrengo hilabeteotan. Egun, filmaketan hainbat gorabehera izan ostean, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa eta Ursula Strongek osatzen dute Zuloak proiektua.
Fikzio horretatik abiatuta,emakume musikarien inguruko dokumentala egin du Muguruzak. Proiektua abiarazteko, Eider eta Arrate Rodriguez ahizpen laguntza izan zuen. Horiekin, taldea sortzeko eta pelikulari sinesgarritasuna emateko xehetasun guztiak jarri zituen martxan: zuzeneko kontzertuak grabatu, horien berri Interneten bitartez zabaldu, taldearekin sekretupeko entseguak egin...
Konspirazio horrek helburu jakin bat du, jasotzea emakumeek euskal musikari, bereziki rockari, zer ekarpen egiten dioten. Horregatik, taldearen egunerokoa eta emanaldiak jasotzeaz gain, hainbat musikari ezagunen testigantzak bildu ditu Zuloak-ek: Aiora Renteria, Ines Osinaga, Anari, Mursego, Afrika...
Honakoa Fermin Muguruzak egin duen bigarren pelikula da, orain dela hiru urte Javier Corcuerarekin elkarlanean Checkpoint Rock dokumentala egin baitzuen. Horrez gain, Al Jazeera telebistarako herrialde arabiarretako musikarien gaineko dokumental sorta bat egin du.
Istorio beltza
Oso bestelako filma da Iñaki Elizalderen Baztan, bailara horretako gertaera historikoei estuki lotuta dagoen istorioa. Agoten patu beltzaren gaineko istorioa da; mendeetan zehar arraza baztertua eta madarikatua izan da hainbat lekutan. Besteak beste, Baztango bazterretan; bereziki,Arizkungo Bozate auzoan.
Filma bi garaitan gertatuko da. Lehena, orainean: 2011. urtean hain zuzen; filmaketa talde bat Baztanera ailegatuko da, pelikula egiteko asmoz. Bigarren istorioa XVII. mendearen hasieran gertatuko da, eta ibarrean gertatu ziren kontu batzuk ditu ardatz. Filmaketa gertatu bitartean, Baztango biztanleek ahaztuta eta ezkutatuta zegoen afera iluna aurkituko dute: agotek pairatu duten bazterketa.
Iruñean jaiotakoa da Iñaki Elizalde, eta, hark aitortu duenez, proiektuarekin hasi aurretik agoten istorioari buruz ez zekien deus. Hainbat teoria daude gaiaren inguruan, eta horien artean bat aukeratu du pelikula egiteko orduan. Agoten inguruko xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko asmoz hainbat hilabetez Baztanen bizi izan zen.
Euskal aktore ezagunek hartu dute parte pelikulan, hala nola Unax Ugaldek, Ramon Agirrek, Kandido Urangak eta Joseba Apaolazak. Horiekin batera, Carmelo Gomez espainiarra. Dena den, filmak duen berezitasunik nagusienetakoa da Baztango biztanleek izan duten inplikazioa. Horietako askok rolen bat dute pelikulan, eta gehienek kamera aurreko lehen esperientzia izan dute.
'ZULOAK'
Zuzendaria: Fermin Muguruza.
Aktoreak: Arrate Rodriguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa, Izaskun Muruaga, Maitane Alonso, Ursula Strong, Alba Burgos
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2012.
Iraupena: 99 minutu.
'BAZTAN'.
Zuzendaria: Iñaki Elizalde.
Aktoreak: Unax Ugalde, Carmelo Gomez, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Txema Blasco, Kandido Uranga, Mirentxu Goienetxe.
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2012.
Iraupena: 98minutu.
Estreinaldia: Biak ostiralean estreinatuko dituzte Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
'Zuloak' eta 'Baztan', euskal zinemaren uzta berria pantailetara
Zinemaldian aurkeztu ondoren, ostiralean estreinatuko dituzte Fermin Muguruza eta Iñaki Elizalderen filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu