'Zu non, han DA!' azoka ibiltaria Durangoko Azokaren aurretik egingo dute lehenengoz

Datorren astelehenetik abenduaren 4ra bitarte, 22 aurkezpen egingo dituzte Euskal Herriko hainbat liburu dendatan. Saltokiek urte osoan egiten duten lana aitortu nahi dute egitasmoaren antolatzaileek.

Leire Ugadi idazlea, Donostian, 'Simulakro bat' poema liburua aurkeztu zuen egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Leire Ugadi idazlea, Donostian, 'Simulakro bat' poema liburua aurkeztu zuen egunean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko azaroaren 11
15:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete baino gutxiago falta da aurtengo Durangoko Azokarako, baina, dena den, azoka ez da abenduko egun batzuetara mugatzen. Urte osoan makina bat proiektu prestatzen du antolakuntzak, eta horietako bat da Zu non, han DA! azoka ibiltaria. Euskal Herriko zenbait liburu dendatan azokan egongo diren hainbat libururen aurkezpenak egitea da proiektu horren xedea. Orain arte Durangoko Azokaren ostean egin izan dituzte aurkezpen horiek, baina aurten, lehenengoz, aurretik egitea erabaki dute. Antolatzaileen esanetan, «liburu aurkezpenek are ikusgarritasun handiagoa izan dezaten» hartu dute erabaki hori. Datorren astelehenean hasiko dira, eta abenduaren 4ra bitarte egingo dituzte.

Orotara, 22 liburu aurkeztuko dituzte, Euskal Herriko hemeretzi liburu dendatan. Araban, Gasteizen egingo dituzte; Bizkaian, Getxon, Durangon, Bilbon, Barakaldon eta Sestaon —bertan izango dira gehienak, 11 denera—; Gipuzkoan, Donostian, Elgoibarren eta Eibarren; Nafarroan, Lizarran eta Iruñean; eta Ipar Euskal Herrian bakarra egingo dute, Ortzaizen (Nafarroa Beherea). Askotariko ekitaldiak izango dira, hala nola errezital musikatuak, mahai inguruak, irakurraldiak, aurkezpen ilustratuak... Horietan guztietan idazleek hartuko dute parte, eta, gehienetan, beste kide baterekin egingo dute saioa. 

Mota guztietako lanak

Askotariko liburuak aurkeztuko dituzte: Maitena Illarramendiren eta Iñigo Sarasolaren Kateriñe komikia, Josu Goikoetxearen Lakioa ipuin liburua, Leire Ugadiren Simulakro bat poema bilduma, Amancay Gaztañagaren haur eta gazte literaturako Martin Martina eta gauekoak, Aitor Oñateren Lohizulo eleberria...

Durangoko 60. Azokan egongo diren liburu berriak Euskal Herri osoko 67 saltokitan eskuragarri egongo direla aipatu dute antolatzaileek. Halaber, gehitu dute Zu non, han DA! egitasmoaren helburuetako bat ere badela liburu dendek urte osoan egiten duten lana aitortzea. 

Saio guztien informazio xehea Durangoko Azokaren webgunean aurkitu daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.