Hollywooden hasiera ikusgarria izan zuen James L. Brooks zuzendariak. Telebista sailetan trebatu ondoren, 1983an, Terms of Endearment liburuaren moldaketa egin zuen zinemarako; lehen lan luzea zuen. Orduko bi aktore ezagun izan zituen bere aginduetara, Debra Winger eta Shirley MacLaine. Drama biguna zen filma, maitasun eta komedia ukituekin josirik; hala ere, urteko pelikularik arrakastatsuena bihurtu zen: bost Oscar sari jaso zituen, horien artean film eta zuzendaririk onenarena. Horiez gain, bigarren mailako aktorerik onenaren saria eraman zuen Jack Nicholsonek.
Hurrengo urteetan Brooksek ez zuen aparteko pelikularik egin. Horren ordez, baleko bi film komertzial egin zituen. Horietako batean, Broadcast News-en, Nicholsonek bigarren mailako rol bat zuen berriz ere. Horiek horrela, sistemak irentsitako hamaikagarren zuzendaria izanen zela zirudien, baina 1997an oso ezuste atsegina eman zuen. Berriro ere Nicholsonekin lan egitea erabaki eta aktorea komedia giroan sartu zuen As Good as It Gets filmean. Arrakasta erabatekoa izan zen.
Nicholsonek idazle erretxin baten rola jokatu zuen; mundua gorrotatzen du, baita munduak hura ere. Egun batean bereziki jasaten ez duen txakur bat hartu beharko du bere kargu, eta harreman horren ondorioz bere jarrera guztiz aldatuko da, beste pertsona bat bihurtuko da. Osagai horiekin goi mailako komedia egin zuen Brooksek, eta askok Hollywoodeko urrezko aroko komediekin konparatu zuten.
Urte horretako Oscar sarietan zazpi izendapen izan zituen, eta horietatik bi lortu: gizonezko eta emakumezko aktorerik onenenak, Nicholson eta Helen Huntentzat izan zirenak. Eta ziur aski gehiago lortuko zituzkeen urteko filmik mediatikoena arerio izan ez balu: James Cameronen Titanic.
Patxada handiz
Nolanahi ere, sari potoloek eta laudoriozko kritikek ez zuten Brooksen lan erritmo lasaia aldarazi; erretiro artistikoki luzea hartu zuen. 2004an itzuli zen Spanglish komedia kaskartxoarekin, Adam Sandler protagonista zuela. Eta beste zazpi pasatu dira haren pelikula berria gurera ailegatu arte, berriro ere Nicholsonekin egin duen How Do You Know.
Aktore kutunarekin lan egiteak, baina, ez du arrakasta segurtatzen, eta azken film honek nahiko kritika gupidagabeak izan ditu AEBetan. Nicholson bigarren maila batean utzita, Reese Whiterspoon eta Paul Rudd dira komedia erromantikoaren protagonista nagusiak. Lehena Lisa Jorgenson da, bizitza osoa kirolari emana bizi izan den atleta. Taldetik baztertuko dute, eta orduan hasiko da ohartzen kirolik gabe hutsik dagoela, ez duela inolako euskarririk. Ez du jakinen nondik hasi etapa berria, eta horretan dagoela beisbol jokalari harroputz bat ezagutuko du.
Beste muturrean dago Paul Ruddek jokatzen duen rola, George Madison. Negozio gizon errespetagarri eta zintzoa da, aitarekin oso harreman konplikatua duena. Bere zorioneko gaztelua goitik behera eroriko da finantza delitu bat egin izana leporatzen diotenean. Kartzelan bukatzen ahal du horrelako delitu larri batengatik.
Horretan dagoenean Jorgenson ezagutuko du, eta berehala maiteminduko da harekin. Ordurako emakumeak hasia du beisbol jokalariarekin harremana, baina ez du horren etorkizuna batere garbi ikusten. Ataka konplikatuan ikusiko du bere burua:nola jakin zein den komeni zaion pertsona? Ez du batere erraza izanen erantzun egokia aurkitzea.
'HOW DO YOU KNOW'
Zuzendaria: James L. Brooks.
Aktoreak: Reese Witherspoon, Paul Rudd, Jack Nicholson, Owen Wilson, Kathryn Hahn, Shelley Conn.
Herrialdea: AEBak.
Iraupena: 116 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Zuzendaria eta haren aktore kutuna
James L. Brooks eta Jack Nicholson laugarrenez elkartu dira, 'How Do You Know' komedia erromantikoan'Terms of Endearment' eta 'As Good as It Gets' film arrakastatsuetan lan egin zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu