Proiekzioa hasterako, nazioarteko jaialdietako sarien argitan bilduta egon ohi dira Donostiako Zinemaldiko Perlak saileko filmak. Aurten ere, Cannesen, Berlinaleren, Sundanceren eta Veneziako zinemaldiaren distiraren islarekin helduko dira antolatzaileek aukeratutako filmak, eta Donostia Hiria Publikoaren sarirako lehian ariko dira. Andrei Zviagintsev errusiarraren Minotaur filmak abiatuko ditu proiekzioak, eta Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Juste une illusion-ek itxi; bi mutur horien artean, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hamabost zinema zuzendari hauek izango dira jaialdiko atal horretan, euren azken lanekin: Beth Araujo, Louis Clichy, Lukas Dhont, Jordan Firstman, Ryusuke Hamagutxi, Na Hong-jin, Martin McDonagh, Nanni Moretti, Cristian Mungiu, Leah Nelson, Pawel Pawlikowski, Ira Sachs, Olivia Wild, Javier Ambrossi eta Javier Calvo. Hamasei perla, guztira.
Andrei Zviagintsev zinemagile errusiarrak irekiko du saila. Aurrez, Nelyubov / Loveless filmarekin izan zen Zinemaldiko Perlak atalean. 2017an izan zen hori, eta orain Minotaur-ekin itzuliko da Donostiara. Claude Chabrol zinemagilearen film baten egokitzapen librea da, 1969ko La femme infidèle-rena, hain zuzen ere. Ordura arteko bizitza gain behera erortzen hasiko zaion arrakasta handiko enpresaburu baten erretratua egiten du, eta harrera beroa izan du: Canneseko jaialdian Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen Zviagintseven moldaketak.
Aurrez ere ibilbide oparo eta laudatua egin du zinemagile errusiarrak. 2003an, Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu zuen bere lehen film luzearekin —Vozvrashchenie / The Return—, eta, geroztik, beste zenbait sari esanguratsu jaso ditu urtez urte. Konstantin Lavronenko aktoreak gizonezko aktore onenaren saria lortu zuen Cannesen, Izgnanie / The Banishment filmean egindako lanagatik. Elena-rekin Cannesko Un Certain Regard ataleko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen, eta bi sari gehiago jaso zituen 2014an, Leviafan/ Leviathan filmarekin: Urrezko Globo bat, bai eta Cannesko jaialdiko gidoi onenaren saria ere. Eta, beraz, galoi horien guztien bermearekin abiatuko du aurtengo Zinemaldiko Perlak saila.
Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Juste une illusion filmak itxiko du saila. Frantzian arrakasta komertzial handia izan du, eta lehiaz kanpo emango dute Donostian. Eta aurtengoa ez da zuzendari horiek Zinemaldian sail bat itxiko duten lehen aldia izango. Lehenago ere bitan itxi dute Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala: nazioarteko fenomeno bilakatu zen Intouchables komedia delikatuarekin lehenik, 2011n, eta Samba filmarekin bigarrenez, 2014an. Horrez gainera, Donostiako Zinemaldiko Publikoaren Saria irabazi zuten gero, 2019an, Hors normes filmarekin.
Cristian Mungiu zinemagile errumaniarrak Fjord filma aurkeztuko du Donostian. Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen lan horri esker, eta Epaimahaiaren Saria eta Fipresci saria ere eskuratu zituen. Zeharo erlijiozaleak diren senar-emazte batzuk dira protagonistak: fiordo batean kokatutako herrixka batera joango dira bizitzera, baina bikotearen hezkuntza metodo tradizionalek susmo txarrak piztuko dituzte herritarren artean. Ez da Mungiuk Cannesko Urrezko Palma jaso duen lehen aldia, sari hori bera eskuratu baitzuen 2007an, 4 luni, 3 săptămăni si 2 zile / 44 Months, 3 Weeks and 2 Days lanarekin. Beste hainbat sari garrantzitsu jaso ditu bere ibilbidean, eta Donostiako Perlak sailean parte hartuko duen izen esanguratsuetako bat da.
Bortxaketa bat da Beth de Araujo zinemagile estatubatuarraren Josephine lanaren muina. Erasoa ustekabean ikusi duen ume bati geratuko zaion trauma kontatzen du zehazki, eta Channing Tatum, Gemma Chan eta Mason Reeves aktoreek osatzen dute lantaldea. Zuzendariaren bigarren film luzea da, eta bi sariren babesarekin helduko da Donostiara. Izan ere, Sundancen Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi ditu lanak, eta, horrez gainera, Berlinaleko Lehiaketa Ofizialean ere proiektatu dute.
Bi animazio lan
Louis Clichy animatzaile frantsesak ibilbide luzea egin du zinemagintzan. Asterixi buruzko bi film zuzendu zituen Alexandre Astierrekin batera —Asterix: Jainkoen egoitza (2014) eta Asterix: Edabe Magikoaren sekretua (2018)—, eta urteak eman ditu Pixar etxearentzat lanean. Bere bakarkako film luzea aurkeztu du orain, ordea, eta animazio tradizionalera jo du horretarako. Le Corset / Iron Boy filma aurkeztuko du, Perlak sailean, eta Cannesko Un Certain Regard ataleko Epaimahaiaren Sari Berezia jasota helduko da Donostiara.
Eta ez da hori izango sailak emango duen animaziozko film bakarra. Leah Nelson kanadarrak ere Tangles aurkeztuko du, animaziozko bere bigarren film luzea. Amak alzheimerra duela-eta hura zaintzera Kanadara itzuli behar duen emakume baten istorioa kontatzen du.
Lukas Dhont belgikarraren Coward filma ere hautatu dute sailerako. 2018an ere izan zen zuzendaria Donostian, bere lehen film luzea aurkezten (Girl), eta, hain zuzen ere, Perlak atalean proiektatu zuten. Orain, Lehen Mundu Gerran borrokatu eta elkarrekin maitemintzen diren bi soldaduren istorioa kontatzen du filmak. Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreek jokatzen dituzte bi protagonisten rolak, eta Cannesen gizonezko akore onenaren saria jaso zuten lan horregatik.
Jordan Firstman idazle, ekoizle eta aktore estatubatuarrak Club Kid filma aukeztuko du. Zuzendu duen lehen film luzea da, eta hark bete du protagonistaren rola ere. New Yorkeko jai giroan zeharo murgildutako gizon baten bizitza kolpean nola aldatzen den kontatzen du filmak: 10 urteko haur bat ezagutu, eta esango diote ume hori berea izan daitekeela.
Ryusuke Hamagutxi zinemagile japoniarrak ere aktoreentzako bi sari jaso ditu Cannes jaialdian, Soudain / All of a Sudden filmari esker: Virginie Efirak eta Tao Okamotok ex aequo jaso dute emakumezko aktore onenaren saria. Kapitalismoaz eta haren gizagabetasunaren aurkako soluzioaz hausnartzen duten bi lagun dira Efira eta Okamoto filmean. Aurrez ere behin baino gehiagotan izan da Hamagutxi Donostian, eta Perlak sailean izan da gehien-gehienetan. Bertan aurkeztu zuen Asako I & II 2018an, eta Drive My Car lana proiektatu zuen bertan 2022an, zeinak gerora nazioarteko film onenaren Oscar saria eskuratu baitzuen, eta, 2023an, hirugarrenez izan zen Perlak sailean, Evil Does Not Exist filmarekin.
Na Hong-jin zinemagile hegokorearrak Hope filma aurkeztuko du. Akzioz eta umorez betetako pelikula bat da, eta Michael Fassbender eta Alicia Vikander ditu protagonistak, bi estralurtarren rolean. Eta aktore talde ezaguna du Martin McDonagh zinemagileak Donostian erakutsiko duen filmak ere: Wild Horse Nine du izena pelikulak, eta, besteak beste, John Malkovich, Sam Rockwell eta Steve Bucemi aktoreak daude taldean.
Donostian bertan filmatua
Nanni Moretti italiarrak Succederà questa notte / It Will Happer Tonight aurkeztuko du Zinemaldian. Donostian bertan filmatu zuen lan haren parte bat, iaz, eta Eshkol Nevo idazlearen kontakizun bilduma bat du oinarri. Pawel Pawlikowski zuzendari poloniarrak Fatherland filma emango du. Thomas Mann idazlearen eta haren alaba Erika Mannen arteko harremana du ardatz nagusia. Erika Mann aktorea, idazlea eta rally pilotua da, eta aita-alabek errepidez egingo dute bidaia 1949an, gerra galtzear den Alemania horretan.
Ira Sachs zuzendaria The Man I Love lanarekin izango da Donostian. 1980ko hamarkadako New Yorken kokatutako film bat da, eta une erabakigarri bati aurre egin behar dion artista bat du protagonista. Horrez gainera, Olivia Wilde zuzendari estatubatuarrak The Invite satira proiektatuko du, eta Javier Ambrossi eta Javier Calvo zinemagile espainiarren La Bola Negra lana ere emango dute.