Afrikaldiak hamabi lan zinematografiko eskainiko ditu Gasteizen

Bihar hasiko da zinema jaialdiaren bosgarren aldia. Hamabi lan zinematografiko aurkeztuko dituzte, eta guztira hemezortzi saio programatu dituzte: hamabi gaztelaniaz, eta sei euskarazko azpitituluekin.

'As Aventuras do Angoast' filmeko fotograma bat. AFRIKALDIA
'As Aventuras do Angoast' filmeko fotograma bat. AFRIKALDIA
unai etxenausia
2025eko urriaren 27a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Afrikaldia, Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia, bueltan da Gasteizen, bihartik azaroaren 4ra bitarte. Bosgarren aldian, jaialdiak hamabi lan zinematografiko aurkeztuko ditu —sei fikziozko film eta sei dokumental—, eta guztira hemezortzi saio programatu dituzte: hamabi gaztelaniaz eta sei euskarazko azpitituluekin. Film guztiak estreinakoz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian. Proiekzioak Florida zinemetan eta Izaskun Arrue kulturgunean egingo dira; azken horrek lehen aldiz hartuko du parte jaialdian.

Afrikaldiak Afrikako zinemaren kolore, ahots eta istorioak ekartzen ditu Gasteizera. Zinema pluralean sinesten du, kontinente zabal eta askotariko baten ispilu izan dadin. Pantaila handian, Afrikako eta diasporako sortzaileen begiradek ikuslearen aurrean jartzen dute Afrika, musikaz, kulturaz eta emozioz beteta. Ekimenaren atzean Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteak daude, eta horiekin batera, Gasteizen bizi den jatorri afrikarreko jendeak osatutako hamasei kolektibok ere beren ahotsa eta energia jarri dute jaialdian. Proiektuak Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Vital Fundazioa ditu bidelagun.

Bihar egingo dute inaugurazio ekitaldia, Europa Biltzar Jauregian. Sambou Diabyk, Senegalgo jatorria duen euskal aktoreak, aurkeztuko du As Aventuras do Angoast filma, Resem Verkron eta Marc Serena zuzendariak bertan izango direlarik. Halaber, Souleymane Cisse Maliko zinema zuzendariari omenaldia egingo diote, joan den otsailean zendu baitzen.

Zinema eskaintzeaz gain, jaialdiak beste hamalau jarduera eskainiko ditu: besteak beste, profesionalentzako topaketak, gazteentzako eta haurrentzako tailerrak, eta Artium museoan antolatutako Afrikako zinemari buruzko ikastaroa. Europa Biltzar Jauregian egingo dira industria saio nagusiak, eta jarduera bereziak antolatuko dira EHUren Arabako campusean, Mendizabala institutuan, Arte eta Lanbide Eskolan eta IDarten.

Jaialdiaren itxiera azaroaren 4an izango da, eta bertan banatuko dituzte epaimahaiaren, publikoaren eta soinu banda onenaren sariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.