Amaitu da Aiaraldeko hondakin biltzaileen greba

ELA sindikatuak akordioa erdietsi du Aiarako Kuadrillarekin eta zerbitzua ematen duen enpresarekin, Prezerorekin. Hamar eguneko grebaren ondoren iritsi da ituna. ELAren arabera, «langileen aldarrikapen nagusiak» jasotzen ditu akordioak.

Atez ateko zabor bilketa, Kripanen.
Zaborra biltzeko zerbitzua, artxiboko irudi batean. KRIPANGO UDALA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 30a
12:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamar egunen ondoren, amaitu da Aiaraldean zaborra biltzeko zerbitzuetan egindako greba. Prezero enpresarekin eta Aiarako Kuadrillarekin zuten lan gatazka zela eta, lanuzteak egiten ari ziren langileak. Gaur, ordea, ELA sindikatuak jakinarazi du akordioa erdietsi duela enpresarekin eta kuadrillarekin. Akordio berriak «langileen aldarrikapen nagusiak» jasotzen dituela iritzita, greba bertan behera uztea erabaki du sindikatuak.

Akordio berriak, besteak beste, neurri hauek jasotzen ditu: soldatak KPIaren arabera igotzea datozen lau urteetan, 2029ra arte; lan egin beharreko asteburuak hilean larunbat bakarrera murriztea; lanorduetan batzordeetarako bi ordu izatea; eta abenduaren 24an eta 31n jardunaldi erdia soilik lan egiteko eskubidea. 

Akordioak akordio, ELAk zenbait kritika ere egin dizkio Aiarako Kuadrillari. Sindikatua ez dago pozik zaborra biltzeko zerbitzurako lizitatu den kontratuaren iraupenarekin; izan ere, zortzi urteko iraupena du kontratu horrek, eta sindikatuak ez du epe hori begi onez ikusten, horrelako kontratuek «lan baldintzak hobetzea zailtzen» dutelakoan indarrean dauden bitartean. Kontratuek laburragoak izan beharko lukete, ELAren ustez, eta Galdakaoko Udala jarri du adibide, hark lau urteko kontratua lizitatu baitu zerbitzu horretarako. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA