«Kasu hau ez da bakana». Horixe adierazi du EH Bilduk, Amurrioko Udaleko (Araba) kontu hartzaileak 2025. urtean aurkezturiko eragozpen oharren harira. Kontu hartzaileek udal baten gastu eta kontratuetan irregulartasunen bat detektatzean egindako txostenak dira eragozpen oharrak, eta, Amurrioko Udalekoak 200.000 euroren gastuetan ikusi ditu irregulartasunak. Ikusita 2021etik jaso izan direla halako txostenak, Amurrioko EH Bilduk EAJk gidatzen duen udal gobernuari eskatu dio egin dezala azken bost urteetako udal kontratuen kanpo auditoria bat, «kontratazio horien ingurukoak aztertu eta argitzeko». Datorren udalbatzarrean aurkeztuko dute mozioa, eta ikuskaritza ekaina amaitu baino lehen burutzea nahi dute.
Zuzenean adjudikatutako kontratuetan detektatu ditu irregulartasunik handienak kontu hartzaileak. Esaterako, 2024ko maiatzean emandako kontratu batengatik, Amurrioko Udalak «117.000 euro ordaindu ditu urte eta erdian». Indarrean dagoen legediaren arabera, kontratu mota horien bitartez ezin dira urtean 15.000 euro baino gehiago eman, derrigorrezkoa baita hortik gorako kontratuak lehiaketa publikora ateratzea. Hutsegite hori bera azken bost urteetan egindako eragozpen ohar guztietan jaso du kontu hartzaileak. Horiek horrela, «udal kontratazioaren irudi sakona» edukitzea beharrezkotzat jo du EH Bilduk, «akats horiek konpondu ahal izateko». Hileko azken ostegunean bildu ohi da Amurrioko Udalbatza, eta orduan jakingo da mozioak arrakastarik duen edo ez.