Euskarazko gehiegizko eskakizunengatik lan eskaintza publikoak bertan behera geratzea ohikoa bilakatu den honetan, kontrakoa gerta liteke Araban, Añanako kuadrillan. Izan ere, EH Bilduk hamalau postuko lan eskaintza publiko bat bertan behera uzteko eskatu du, postu horietako bik baino ez dutelako euskara eskakizunik. Horrek Euskararen Legea urratzen duela uste du koalizio abertzaleak, eta, horregatik, gaurko kuadrillako osoko bilkuran lan eskaintza bertan behera uzteko mozioa aurkeztu du.
16 eta 29 urteko gazteei zuzendutako lan eskaintza publikoak eragin du polemika. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean abiaturiko programaren bitartez, «esperientzia profesionala eskuratzeko eta lan merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko» zortzi eta hamabi hilabete arteko kontratuak eskaini zituen kuadrillak, jardunaldi osorako. Eskainitako lanpostuen artean, ekonomialari eta juristentzako lau, zerbitzu anitzetako langileentzako bi eta psikologo, kirol teknikari eta arkitekto postu bana daude.
Alta, EH Bilduk salatu duenez, horietako bati ere ez zaio hizkuntza eskakizunik esleitu. Koalizio abertzalearen arabera, ikasteko tekniketan laguntzeko teknikariei dagozkien bi postuei, hau da, kuadrillako ikasleei ikasten laguntzeko langileei dagozkienei baino ez zaie eskatzen euskara. Horietako bati lehen hizkuntza profila esleitu zaio, eta besteari bigarrena. «Kezka, tristura eta haserre handiz» hartu du EH Bilduk erabaki hori, eta «euskarari eta Añanako euskaldunei emandako tratua» deitoratu du koalizioak.
Euskararen legea urratzen du lan eskaintzak, EH Bilduren ustez, «bai derrigortasun daten kopuruari dagokionez, bai ezarritako hizkuntza eskakizunari dagokionez ere». Izan ere, egungo indizeen arabera, eskaintza horretako bost lanpostuk izan beharko lukete hizkuntza eskakizuna, eta egun ezarri zaien horienak C1 mailakoa behar luke gutxienez. «Euskaldunen eskubideeko utzikeria edo mespretxua, bietako bat» leporatu dio EH Bilduk kuadrillan gobernatzen duen EAJri. Alderdi horretako Ruben Torremocha Galan da egun kuadrillako presidentea.