Arabako instituzioek denbora daramate ikus-entzunezkoen sektoreari eta, bereziki, zinemari bultzada eman nahian, lurraldea ekoiztetxeentzako erreferentzia leku bilakatzeko asmoz. Gaur, bide horretan beste pauso bat eman du Arabako Foru Aldundiak, zinema ekoizpenaren alde logistiko eta ekonomikoa bultzatzea helburu. Horretarako, Araba Filma: zinema enpresa aukera gisa Arabarentzat izeneko programa aurkeztu dute, «sektore horren aukerak Arabako enpresei hurbiltzea» jomuga duen proiektua, hain zuzen ere. Aldundiak zinema ekoizpenaren etapa ezberdinetan parte har lezaketen enpresen eta zinema ekoizleen arteko «harreman zuzenak» sortzea du xede, horrekin helburu bikoitza lortzeko: Arabako zinema ekoizpenari bultzada ematea, eta industriaren bultzada horrek tokiko enpresei onura ekonomikoa ekartzea.Â
Gaur aurkeztu du programa, Gasteizen, Saray Zaratek, Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak. Ondoan izan ditu, zinema munduaren ordezkari, Apika ikus-entzunezkoen ekoizleen elkarteko Katixa da Silva eta Maite Ruiz de Austri, eta, Arabako enpresarien aldetik, Juan Ugarte, SEA Arabako enpresen patronaleko zuzendari nagusia. Izan ere, Apikak antolatu du programa, SEArekin lankidetzan eta foru aldundiaren babesarekin. Zaratek azaldu duenez, aldundiaren helburua «dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzea» da, eta, bide horretan, pauso garrantzitsua da Araba «film-friendly» izango den lurralde bilakatzea. Hori lortzeko eta ikus-entzunezkoen sektorea «zerbitzu berriekin konektatzeko» bultzatu du aldundiak programa, Araba «ikus-entzunezko ekoizpenetarako erreferentzia gune» izan dadin, diputatuaren hitzetan.
Programa hitzaldi ziklo bat izango da. Martxoan egingo dituzte hitzaldiak, eta bakoitza ekonomiaren sektore jakin bati bideratuta egongo da. Hitzaldi horietan, zinema ekoizpenaren arloko enpresek dituzten beharrak eta premiak azalduko dituzte, tokiko enpresek horietan parte hartzeko zer aukera dituzten jakin dezaten. Esate baterako, martxoaren 4ko hitzaldia ostalaritzaren, sukaldaritzaren eta cateringaren sektoreei zuzenduta egongo da, eta martxoaren 31koa, berriz, zerga eta lan aholkularitza sektoreei. Guztira, bost hitzalditan beste horrenbeste sektoretako enpresak zinemagintzaren mundura hurbiltzea izango dute helburu. Interesa duten enpresentzat, parte hartzea doakoa da. Parte hartzeko, apika.asociacion@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena.Â