Arabak eta beterrabak ez dute jada errimatzen

Arabako erremolatxa ekoizpenaren zati handi bat erosten zuen enpresak, Azucarerak, Zamorara eraman du ekoizpena, eta nekazari askok landatzeari utzi diote. Alternatibak ez dira hain errentagarriak, eta sektoreak «kolpe gogorra» hartu du.

Javier Briñas, joan den urtera arte erremolatxa ekoizteko zerabilen zelai batean. Ekilorea landatu du aurten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Javier Briñas, joan den urtera arte erremolatxa ekoizteko zerabilen zelai batean. Ekilorea landatu du aurten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz eman zuen egunkari honek titularra: «Erremolatxa landatzeari utziko diote Araban». Denborak iragarpena bete du: beterraba edo erremolatxa landatzeko garaia iritsita, Arabako nekazari askoren lursailetan bestelako landaketek ordezkatu dute garai batean hain ugaria zen laborea. Eta horrek eragindako kolpea ez da samurra, sektoreko kideek diotenez.

UAGA nekazari elkarteko eledun Blanca Sanchezek baieztatu du triskantzaren tamaina: «UAGAn geneukan erremolatxa ekoizleen atala ez da jada existitzen». Egon badira oraindik beterraba landatzen duten ekoizleak, dio Sanchezek, baina ez daude UAGAren barruan, eta oso gutxi dira. «Lehen, laurehun erremolatxa ekoizle zeuden Araban, eta, urte gutxiren buruan, dozena gutxi batzuk dira orain».

Gainbehera handi horren zergatia lurraldeko ekoizleek Azucarera enpresarekin izandako gatazken azken atala da. Orain arte, Britainia Handiko British Sugar konpainiaren jabetzako enpresa horrek Miranda Ebron (Burgos, Espainia) zuen lantegiari saltzen zioten ekoizleek erremolatxa, azukrea egiteko. Enpresak, ordea, lantegia itxi eta ekoizpena Torora (Zamora, Espainia) eramatea erabaki zuten; hau da, Arabako mugan dagoen leku batetik Gasteiztik 300 kilometrora dagoen leku batera. «Toron eskaintzen zituzten prezioak irrigarriak ziren, eta horregatik erabaki dute nekazari askok erremolatxarik ez landatzea», laburbildu du Sanchezek.

«Lehen, laurehun erremolatxa ekoizle zeuden Araban, eta, urte gutxiren buruan, dozena gutxi batzuk dira orain»

BLANCA SANCHEZ UAGAko eleduna

Nekazari horietako bat da Javier Briñas. Toberakoa da bera (Berantevilla, Araba), nekazari familia batekoa, eta 1990eko hamarkadatik zeraman erremolatxa landatzen, haren aitak ere beterrabak landatzen urteak igaro ostean. «Gaur egun, 45 euroko ekoizpen kostua du erremolatxa tona bakoitzak. Bada, Toroko fabrikan 25 euro eskaintzen zizkiguten tona bakoitzaren truke, eta ez ziguten garraio gasturik ordaindu nahi», azaldu du, etsita, Briñasek.

British Sugarrek kontrolaturiko enpresari saltzen zioten ekoizpena nekazari gehienek, eta Miranda Ebroko plantaren itxiera kolpe gogorra izan da haientzat. «Gehienok haien aldeko apustua egin genuen, beste batzuek Olmedoko ACOR kooperatibari saltzen bazioten ere. Gaizki atera zaigu apustua, bistan denez», deitoratu du Briñasek.

ACORi beterraba saltzen dioten Arabako nekazariek jarraitzen dute kooperatibarentzat erremolatxa ekoizten, baina gutxi dira, eta Olmedoko azukre lantegiak ez du gaitasun handirik, Briñasek azaldu duenez. «Galde egin genien ea haiei saltzerik ba ote genuen, baina martxoan esan ziguten orain dituzten bazkideekin beteko dutela jada duten ekoizpen gaitasun guztia». 10.000 hektarearen ekoizpena ehotzeko gaitasuna du Olmedoko lantegiak. 

Azukrearen bolada txarra

Lantegi horretarako erremolatxa ekoizten duten nekazariak biltzen ditu AREMA elkarteak. Elkarte horretako presidentea da David Salcedo, eta bat dator Briñasen diagnostikoarekin: «Guretzat ere kolpe gogorra litzateke erremolatxaren ekoizpena galtzea; 2.000 eta 3.000 euro artean irabazten ditugu hektarea bakoitzeko».

Oraingoz, elkarte horrek biltzen dituen 36 ekoizleek Olmedoko lantegirako beterraba ekoizten jarrai dezakete, baina egoera makala da azukrearen sektorean ere. «Azukrearen prezioa merke baino merkeago dago, eta ACOR ia-ia galduan ari da azukrea ekoizten». Hori eta fabrikaren gaitasun muga tarteko, «orain arteko bazkideei lehentasuna ematea» erabaki zuten Olmedoko lantegian, eta British Sugarrentzako beterraba landatzen zuten nekazarien ekoizpena ezin izan du hartu hango fabrikak.

Hala ere, Salcedok ez du baztertzen etorkizunean, azukrearen merkatuak berriro ere gora egiten badu, Olmedoko lantegiak berriro ere bazkide gehiagorentzako tokia izatea. Gaur egun, 505 hektarea erremolatxa landatzen dituzte AREMAko ekoizleek, garai batean Araban landatzen ziren hektareen kopurutik aski urrun. 

Alternatiba errentagarririk ez

Erremolatxa landatzeko aukera galdu izana «kolpe gogorra» da Arabako lehen sektorearentzat, Briñasen esanetan. Arrazoia begi bistakoa da: oso errentagarria zen beterraba, eta hura ordezkatzeko landatu dituzten laboreek ez dute hainbesteko etekina ematen. «Landaturiko hektarea bakoitzeko, 2.000 euroko irabazia eman zezakeen erremolatxak. Hamar hektarea edukiz gero, eta Araban edozein nekazarik ditu horiek, 20.000 euro zenituen poltsikoan».

«Erremolatxak 2.000 euroko irabazia ematen zuen hektarea bakoitzeko. Ekiloreak, 500 eurokoa soilik»

JAVIER BRIÑAS Nekazaria

Berantevillako bere lursailetan, ekiloreak landatu ditu orain Briñasek, erremolatxentzako behar zuen ureztatze ekipamendua berrerabiltzeko. Alta, irabaziak askoz txikiagoak dira olioa egiteko labore hori landatuta: «500 bat euro hektareako», Briñasen arabera; irabazien %75eko apaltzea, alegia, erremolatxaren landaketarekin alderatuz gero. «Sektorean krisia eragingo du honek», iragarri du.

Gainerako aukerekin ere, arazoa berbera da. Lekak, ilarrak, babak edo zekaleak landatu dituzte nekazariek, baina horiek guztiek irabazi askoz txikiagoak ekartzen dituzte, eta ekoiztea gero eta garestiagoa da. «Ongarriak, makinak, erregaia... dena dago ikaragarri garesti», zerrendatu du Briñasek. Beterrabarik gabe, gaitz egingo zaie ekoizleei egoerari aurre egitea.

Moldaketa garestia

Etekin hobeak dituzten laboreak landatzeko orduan, berriz, moldatzea ez da erraza. Patata aipatu izan da alternatiba gisa, irabazi onak ematen baititu. Makineria eta ekipamendu berezia behar da, ordea, patata landatzeko, eta orain arte erremolatxa landatzen zuten nekazariek ez dituzte eskura halako makinak, erremolatxarentzako beren-beregi prestaturikoetan inbertitu baitzituzten irabaziak. 

Briñasen kooperatibaren erremolatxa biltzeko makina. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Javier Briñasen kooperatibaren erremolatxa biltzeko makina. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Orain, inbertsio horiek ezerezean geratu dira. Erremolatxa landatzen zuten laborarien kooperatiba bateko kidea da Briñas, eta joan den urtera arte bazituzten beterraba biltzeko bereziki fabrikaturiko uzta biltzeko bi makina handi. «500.000 euro ordaindu genuen bakoitzaren truke; oraintsu saldu dugu horietako bat, Reims (Frantzia) aldera, 60.000 euroren truke», deitoratu du.

Izan ere, ureztatzeko azpiegiturak ez bezala, nekazaritzako makineria gehiena ezin da moldatu. Beterraba biltzeko makina erraldoi horiek horrexetarako soilik balio dute, erremolatxa biltzeko, eta ez, adibidez, patata biltzeko. Horretarako, bestelako makinak behar dira. Kooperatibaren beste makina, beraz, hor datza, Berantevillako pabiloi batean, erosle baten zain, kooperatibako kideek ezin baitute jada erabili. 

laguntza eske Arabako aldundiari

Erremolatxaren amaierak 

ataka larrian utziko ditu labore horretan ari ziren Arabako nekazari asko, eta Arabako Foru Aldundiaren erantzuna ere eragin dute. «Erakundeek ongi erantzun diote egoerari, baina laguntza gehiago behar dugu», eskatu du Javier Briñasek. Izan ere, diputazioak bost urteko plana zeukan hitzartuta nekazariekin ureztatze laboreak landatzeko. Horietako bat zen erremolatxa, eta ekoizleek landatze konpromisoak zituzten aldundiarekin.

Aurten ekoizleek beterrabarik landatuko ez zutela ikusita, ordea, aldundiak baldintzak malgutu ditu, eta ekiloreak eta lekaleak landatzea baimendu du erremolatxen ordez, nekazariek hitzarturiko lursailak landu ditzaten. Hala ere, ez da nahikoa, Briñasen eta Sanchezen ustez. «Ureztatze laboreak babesteko laguntzak behar ditugu. Bestela, zereala soilik landatuko da, eta Araba guztia eskualde siku eta idor bilakatuko da», azaldu du Briñasek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE