Erremolatxa landatzeari utziko diote Araban

Azucarerak nekazarien bizkar utzi nahi du laborea Toroko lantegira eramatearen kostuaren %70, eta UAGA sindikatuak azaldu du horrela ez dela errentagarria.

Azucarerak Miranda Ebron duen lantegia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Azucarerak Miranda Ebron duen lantegia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko azaroaren 5a
11:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako nekazarien susmorik txarrenak bete egin dira. Azucarerak jakinarazi die datorren kanpainan ez duela bere gain hartuko erremolatxa Arabatik Toroko lantegira (Zamora, Espainia) eramatearen kostuaren parterik handiena, eta, horrenbestez, errentagarritasuna kendu dio produktu hori landatzeari. Aurten 700 hektarea betetzen zituen labore horrek, baina duela bost urte mila hektarea ziren. Nafarroan ere gain behera joan da: 1.200 hektarea izan ziren iaz, eta aurten jada apenas landatu den.

UAGA Arabako nekazarien sindikatu nagusia haserre azaldu da Azucarerarekin eta haren jabe British Sugarrekin, azukrea egiteko Miranda Ebron (Burgos, Espainia) erremolatxa ehotzeari utziko ziola iragarri zuenean agindu baitzien bere kargu izango zirela uzta Torora eramatearen kostuak. Joan den astean bildu ziren datorren kanpainari buruz hitz egiteko, eta kostuen %70 nekazarien kontura izango zirela jakinarazi zien.

UAGAk ziurtatu du kostu horrekin ez dela errentagarria erremolatxa landatzea. Izan ere, Miranda Ebro Arabako mugan dago, Gasteiztik 35 kilometro eskasera, baina Torora joateko Gaztela ia osoa zeharkatu behar da —Gasteiztik 300 kilometrora dago—. «Erabaki horrekin, erremolatxengatik eskainitako prezioekin batera, British Sugar praktikan esaten ari dena da ez duela nahi gure erremolatxa. Gaur egungo prezioei garraio kostua eta sektoreak jasotzen dituen laguntzak gehituta, hektarea bakoitzeko 1.000 euro baino gehiago jarri beharko lukete nekazariek laborea ereiteagatik», azaldu du sindikatuak, agiri baten bitartez.

Azucarera-British Sugarren jarrera «lotsagarria» iruditu zaio UAGAri, «negozioa handitzeko laguntza publikoez baliatu den enpresa batek inolako eskrupulurik ez duelako izan laborariak abandonatzeko eta ekoizpena deslokalizatzeko». Azaldu duenez, British Sugarren asmoa da aurrerantzean bere produktua azukre kanaberaren bitartez lortzea, eta alde batera uztea erremolatxaren bitartez lortutakoa, «erabaki horrek lehen sektorean eta landa garapenean dituen ondorioei kasu egin gabe». Sindikatuak uste du horrek produktuaren kalitateari kalte egingo diola: «Izan ere, azukre kanabera hirugarren herrialdeetatik dator eta Europako estandarretik urrun dauden ingurumen arauekin eta lan baldintza eskasetan landatzen dute».

azukrea
Azukrea egiteko erremolatxa, Alemaniako lantegi batean. DANIEL KARMANN / EFE

UAGAk gogorarazi du duela mende bat baino gehiago hasi zela erremolatxaren landaketa Araban, eta  «labore estrategikoa» izan dela, «bai lurrarekiko egokitzapenagatik, bai laboreak txandakatzeagatik eta dauzkagun ureztatze azpiegiturengatik, erremolatxa bertan behera utzita gutxiegi erabiliko baitira».

Erremolatxaren ordezko labore bat bilatuko duela esan du UAGAk. Arabako Aldundiak patata gehiago landatzeko edo sagarrondoak jartzeko aholkatu diola esan zion Javier Briñas UAGAko ordezkariak BERRIAri, duela pare bat hilabete, baina horrek kostua baduela gaineratu zuen, makinak aldatu beharko lirateke eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.