Gasteiz Zero Zabor (GZZ) elkarteak ohartarazi du Araba «urrun» dagoela 2025erako ezarritako birziklatze helburutik. Arabako Foru Aldundiko Hondakinen Behatokiaren datuen arabera, lurraldeak udal hondakinen %40 inguru baino ez ditu bidaltzen birziklatzera eta berrerabiltzera.
Emaitza urrun dago %55etik, Ekonomia Zirkularraren 7/2022 Legeak 2025erako eskatzen duen gutxienekotik alegia, hamabost punturena baita aldea. Gainera, legezko gutxienekoa handituz joango da datozen urteetan: %60ra igo beharko da 2030ean, eta %65era iritsi beharko da 2035ean.
Elkarteak azpimarratu du gaikako bilketa eta birziklapena ez direla gauza bera: «lehenengoa hondakinak bereizita biltzea da, tipologiaren arabera; bigarrenak, berriz, material horiek lehengai berri bihurtzea dakar». Bi kontzeptuak nahasteak «zaildu» egiten du benetako egoera zertan den aztertzea.
Arabako gaikako bilketaren batezbestekoa %42koa izan zen 2025ean, Foru Hondakinen inbentarioaren datu ofizialen arabera. Horrek erakusten du jatorrizko bereizketan oraindik «hobetzeko aukera handia» dagoela, errefusa hondakin organiko eta ontzi ugarirekin nahastua aurkitzen baita oraindik ere.
Birziklatze mugatua Gasteizen
Udalerrietan askotariko emaitzak jaso dira, bilketa sistema aldatu egiten baita leku batetik bestera. GZZren ustez, Gasteiz bezalako hiriek eta udalerri handiek «bide luzea» dute oraindik birziklatze esparruan eraginkorragoak izateko.
Azkenik, elkarteak gardentasuna eta informazio zorrotza eskatu ditu egungo gabeziak zuzen identifikatzeko. Gaineratu dute herritarrei «datu argiak» ematea eta «neurri eraginkorrak» bultzatzea dutela helburu, eta ez egindako urratsak zalantzan jartzea.