Arabako Errioxan hamasei mahatsondo mota gutxiagotu identifikatu ditu Neikerrek

Neikerrek egindako ikerketa baten emaitza da, eta galzorian diren barietateak suspertzea du helburu, klima aldaketaren, izurrien eta gaixotasunen kontra duten erresilientzia hobetzeko.

Mahats biltzaileak uzta jasotzen, Bastidako mahasti batzuetan, Arabako Errioxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mahats biltzaileak uzta jasotzen, Bastidako mahasti batzuetan, Arabako Errioxan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2026ko uztailaren 17a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neikerrek oso gutxi landatuta edo desagertzeko arriskuan dauden hamasei mahatsondo mota identifikatu ditu Arabako Errioxan. Barietateak identifikatzeko programaren emaitza da hori. Programa horren helburua zera da, azken hamarkadetan mahatsondoetan izan den homogeneizazio genetikoari aurre egitea, klima aldaketaren, izurrien eta gaixotasunen kontra duten erresilientzia hobetzeko. Modu horretan, Arabako mahastizaintza ondarea ere «babestu» nahi dute. Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta EDA Drinks & Wine campusaren laguntzarekin egin du ikerketa Neikerrek.

«Helburua da Arabako Errioxako gure mahastien ondare genetikoa aberasten duten barietateak edo barietate tradizionalen biotipoak ezagutzea eta gordetzea, eta mahastizainei aukera ematea mahasti zaharretako barietate ezezagunak identifikatzeko, haien osasun egoera aztertzeko eta horiek ugaritzeko eta kontserbatzeko modua bilatzeko», azaldu du Roberto Perez-Parmok, Neikerreko landare ekoizpeneko eta babeseko departamentuko ikertzaileak. 

Guztira hogei upategi inguruk parte hartu dute ikerketan, berrehun mahatsondo aztertu dira, eta 38 barietate identifikatu. Horien artean hamasei dira gutxiagotuak edo desagertzeko arriskuan daudenak. Ikerketa zentroak azaldu duenez, gaur-gaurkoz, horietako batzuk ugaritu nahian ari dira mintegian. «Funtsezko pausoa da hori, haien ahalmen agronomikoa eta enologikoa ebaluatzeko eta lurraldeko mahastizaintzako biodibertsitatea indartzeko».

Izan ere, azken urteetan kezka nabarmen ugaritu da upategietan. Mildiu onddoak, esaterako, kalte handiak eragin ditu mahatsondoetan. Neikerrek urteak daramatza horri aurre egiteko moduak ikertzen, eta horietako bat da barietateak identifikatzeko programarena, hain zuzen ere. Hala ere, eskualdean ikerketa eta garapeneko 50 proiektu baino gehiago ditu martxan zentroak. Bost milioi euroko aurrekontua dute horiek guztiek. Horiek horrela, ikerketa zentroak azpimarratu du horrek zera berresten duela, «ebidentzia zientifikoan eta jasangarritasunean» oinarritutako mahastizaintza eta ardogintza ereduarekiko duen «konpromisoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA