Arabako eskola kirolean aritzen diren umeen erdiek baino gehiagok euskaraz hitz egiten dute

Marka eta Erronka Kirolean topaketaren ondorio nagusietako bat da umeen %58k euskaraz hitz egiten dutela haien artean eskola kirolean. 2025-2026 ikasturtean, lurraldeko 22.731 eskola umek parte hartu zuten kirol jardueretan.

'Marka eta Erronka Kirolean' topaketaren bosgarren ekitaldia, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. ARABAKO FORU ALDUNDIA
'Marka eta Erronka Kirolean' topaketaren irudi bat, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 27a
13:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban eskola kiroleko taldeetan parte hartzen duten umeen erdiek baino gehiagok euskaraz hitz egiten dute. Hori da Marka eta Erronka Kirolean bosgarren topaketaren emaitza nagusiena. 2025-2026 ikasturtean 22.731 eskola umetatik %58ek hitz egiten zuten euskaraz. Guztira 245 kirol erakundek osatzen dute Arabako eskola kirol jardueren sarea, eta 1.716 talde biltzen ditu.

Topaketan, eskola kirolean hizkuntza erabileraren indarguneak eta ahuleziak identifikatu dituzte, euskararen erabilera sustatzeko esperientziak eta tresnak partekatzeko. Nabarmendu dutenez, D ereduko ikasleen %30 gaztelaniazko taldeetan daude izena emanda. Gainera, gaztelaniazko talde horietan entrenatzaile gehienek euskaraz dakite.

Araban, 5 eta 19 urte bitarteko gazteen artean %80k euskaraz hitz egiteko gaitasuna daukate, eta beste %17k ulertzen dute. «Eskola kirolak duen ahalmena handia da euskararen ezagutzatik eguneroko erabilerara jauzi egiteko», nabarmendu dute.

Euskal pilota eta multikirola dira euskara gehien erabiltzen diren kirol taldeak: %90ek erabiltzen dute. Hurrengo postuan saskibaloia dago (%58). Futbolean, euskararen erabilera %48koa da batez beste —mutilen kasuan %44ra jaisten da—. Azkenik, gimnastika erritmikoan aritzen diren umeen %46k erabiltzen dute euskara. Antolatzaileek nabarmendu dute euskararen presentzia handiagoa dela guraso elkarteek antolatutako jardueretan, kirol klubek antolatutakoetan baino.

Entrenatzaileentzako gida praktikoa 

Hizkuntza irizpideak txertatzeko baliabide praktikoak biltzen dituen gida aurkeztu dute topaketan. Kirol erakundeei, elkarteei, koordinatzaileei, entrenatzaileei eta familiei zuzendutako gida bat da; Kirola eta askoz gehiago du izena.

Dokumentuak jarraibide ugari jasotzen ditu kirol erakundeen kudeaketan euskara sustatzeko eta entrenamenduetan komunikazioa errazteko. Era berean, eskola kiroleko eragileen eskura dauden zerbitzu, laguntza eta hizkuntza baliabideei buruzko informazioa eskaintzen du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA