Arabako esku hartze sozialeko sindikatuek begi onez ikusi dute patronalaren «jarrera aldaketa», baina eutsi egingo diote grebari

AISA patronalak «lehen aldiz akordiorako borondatea» erakutsi du, sindikatuen ustez, baina kontu ugari «zehazteke» daudenez, gaurko greba egunari eutsi egin diote, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Esku hartze sozialeko langileen protesta, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Esku hartze sozialeko langileen protesta, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 26a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabost hilabete aurrerapenik gabe igaro ostean, lehen esperantza izpiak ikusi dituzte sindikatuek Arabako esku hartze sozialaren sektoreko lan gatazkan. Orain arte patronalaren «negoziaziorako borondate falta» deitoratu badute ere, azken negoziazio mahaietan «jarrera aldaketa» ikusi dute, AISA patronalak «lehen aldiz akordiorako borondatea» erakutsi baitu, ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuen arabera. Hala ere, egindako aurrerapenak ez dira «nahikoa», eta, horregatik, gaurko deitua zuten greba egunari eutsi egin diote sindikatuek, baita mobilizazio gehiago iragarri ere, «presio egiteko» garaia dela iritzita.

Hainbat arlotan —malgutasuna, euskara, telelana edo kontratazioa— adostasunerako aukerak ikusten badituzte ere, sindikatuen ustez hainbat atal garrantzitsu «zehazteke» daude oraindik. Soldaten igoerari, lanaldiaren murrizketari eta erretiro aurreratua hartzeko aukerari dagokienez, patronalaren eta beren jarrerak oraindik oso bestelakoak direla adierazi dute sindikatuek. Hori dela eta, mobilizazioen «intentsitatea handitzea» erabaki dute. Gaur greba egiteaz gain, ostiralean, 18:30ean, manifestazioa egingo dute defentsako ordezkariordetzatik abiatuta, adierazteko badela garaia «gastu militarraren igoera iraingarria amaitu eta gizarte gastua handitzeko».

Igandean, berriz, karabana bat antolatuko dute, Gasteiztik Urizaharrerantz (Araba). Hain zuzen ere, herri horretan dira biltzekoak egun horretan Arabako Batzar Nagusiak, Lur Jareen Osoko Bilkura tradizionala egiteko. Bilkura hori egiten den bitartean, kanpoan elkarretaratzea egiteko asmoa dute. Ekainaren 4an dute hurrengo bilera patronalak eta sindikatuek. Orain arteko aurrerapausoek jarraipenik izan ezean, ekainean ere mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute sindikatuek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE