Zertan dute antza ahuntz saldo batek eta suhiltzaile talde batek? Itxuraz, ezertan ere ez, baina biek ala biek suteak prebenitzeko funtsezko lana egin dezakete. Horixe ari da aztertzen, hain zuzen ere, Arabako Foru Aldundia: ea abereek, «abeltzaintza gidatua» deritzon sistemaren bitartez, modua egin dezaketen suteak prebenitzeko. Hori argitzeko, bost esperientzia pilotu jarri dituzte abian udan, 746 abererekin.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Noemi Agirre Nekazaritzako foru diputatuak egitasmoa martxan den guneetako bat bisitatu zuten asteburuan, Eginon (Asparrena). Ahaldun nagusiak sistemaren funtsa zertan datzan azaldu zuen: «Animaliak aldez aurretik hautatutako guneetara eramaten dira, bide eta baso pisten inguruko landaredia jan dezaten». Hots, abereak besterik gabe mendian aske utzi ordez, suteak prebenitzeko beharra dagoen guneetara eramaten dituzte bazkatzera.
Eginoko programan, hain zuzen, Olano ENS ustiategiko hamalau ahuntz azpigorrik parte hartu dute. 2,5 kilometroko eremu bateko bide ertzetan jardun dute bazkatzen, 10 metroko zerrendetan, eta «GPS lepokoen bidezko hesi birtualen sistema» erabili dute haien ibiliak kontrolatzeko, hesi fisikorik ezarri gabe animalien mugimenduak zuzentzeko modua ematen duen sistema, alegia.
746 animalia
Ahuntzak ez dira egitasmoan parte hartu duten bakarrak, ordea. Behiak eta behorrak ere jarri dituzte zeregin horretan; guztira, 746 abere. Egitasmo pilotuak Eginon (Asparrena), Inoson (Urkabustaiz) eta Kantauriar mendikatearen inguruetan egin dira, eta, proba horien bitartez, aldundiak aztertu nahi du «animaliek egiten duten garbiketa eraginkorra ote den, animaliek zer landaredi motatan jarduten duten hobekien, zenbat denbora behar duten lanak egiteko, eta abeltzaintza ustiategiek emandako zerbitzua nola kuantifikatu eta ordaindu behar den».
Esperientziak esperotako emaitzak ematen baditu, aldundiak asmoa du sistema hori ofizialki abian jartzeko Mendi Zerbitzuaren bitartez. Abian jarriz gero, tresna hori «administrazio batzarren eta mendi jabeen» esku egongo da. Izan ere, Araban 188.000 baso hektarea daude, eta horien %80 tokiko erakundeek eta administrazio batzarrek kontrolaturiko onura publikoko mendietan daude. Agirre foru diputatuak azaldu duenez, sistema horren helburua ez litzateke «mendia aberez betetzea edo gainerako prebentzio sistemak ordezkatzea», tokiko administrazio batzarrei «alternatiba natural bat eskaintzea» baizik.