Eskultura garaikidea ez da beti arreta mediatikoa bereganatzen duen genero artistiko bat, baina oso bizirik dago hala ere, Amurrion (Araba) laster inauguratuko duten erakusketak erakutsiko duen bezala. Izan ere, Amurrioko Udalak eta Euskahaldun eskultore elkarteak Formak mintzo izeneko erakusketa antolatu dute, «Arabako eskultura garaikidearen aniztasuna» jendaurrean erakusteko asmoarekin. Lurraldeko hemezortzi eskultoreren lanak bilduko dituzte Amurrioko La Casonan, eta maiatzaren 12tik ekainaren 7ra egongo dira ikusgai.
Antolatzaileek garrantzi berezia eman diote sortzez edo bizimoduz Aiaraldearekin harremana duten eskultoreen obrak biltzeari. Horiek horrela, parte hartuko duten artisten artean izango dira Mario Paniego, Raisa Alaba, Guillermo Trujillano, Eider Eguren, Quintina Torres, Carlos Urruela, Santi Gonzalez, Susana Corbella eta Carmen Gancedo.
Dena den, Arabako beste eskualdeetako artistek ere izango dute tokia erakusketan, eta, hortaz, beste eskultore hauek osatuko dute zerrenda: Belen Urutxurtuk, Uxer Beristainek, Joserra Etxeandiak, Felix Alanguak, Ines Gonzalez de Zaratek, Iñaki de Agirrek, Paco San Miguelek, Javier Duque Mendietak eta Irantzu Lekuek. Artista horien guztien eta herritarren arteko «topagune» izateko asmoa du erakusketak, antolatzaileen arabera.
Erakusketa goiz eta arratsaldez izango da irekita, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara; igande eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Ikasleentzat eta bestelako bisitarientzat bisita gidatuak antolatuko dituzte. Horietarako, Amurrioko kultur etxean eman ahalko da izena.