ELAk aurreakordioa egin du Arabako kirol jardueren sektoreko hitzarmenerako

Sindikatuek deituriko bost lanuzteetako lehenengoa egin baino lehen jakinarazi du sindikatuak aurreakordioa egin dutela. «Lanaldi murrizketak, soldata hobekuntzak eta baimen osagarriak» ezartzea adostu dute.

Gasteizko Udalak antolaturiko kirol jardueretako bat, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko Udalak antolaturiko kirol jardueretako bat, artxiboko irudi batean. GASTEIZKO UDALA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 6a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren amaieran, Arabako kirol jardueren sektoreko enpresen batzordeak —ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek osatzen dute— bost lanuzte egunetarako deia egin zuen. 2026 guztia zeramaten sindikatuek eta patronalak sektoreko VI. hitzarmena sinatzeko negoziazioetan, baina, patronalak elkarrizketak amaitutzat jo zituenean irailaren 2an; sindikatuek, «hobekuntzak» zeudela onartuagatik, salatu zuten oraindik ere ezadostasun nabarmenak zituztela, antzinatasuna, baimenak eta «ordu hilen» kudeaketa tarteko. Nolanahi ere, antolatutako lanuzte horietako lehenengoa egin baino lehen iragarri du ELA sindikatuak hitzarmenerako aurreakordioa sinatu dutela, gaur.

Urriaren 7rako deitua zuten sindikatuek lehen lanuztera. Hala ere, ELAk hasieratik adierazi zuenez, uste zuen «akordioa oraindik posible» zela, eta adostasunik erdietsi ezean soilik eutsiko zien mobilizazioei. Bada, sindikatua ados jarri da patronalarekin, eta, hortaz, gainerako sindikatuen erreakzioak oraindik plazaratu ez badira ere, pentsatzekoa da mobilizazioak bertan behera geratuko direla. Akordioak «lanaldi murrizketak, soldata hobekuntzak eta baimen osagarriak» barne hartzen ditu. Urteko lanorduak 1.550era jaitsiko dira, soldatak KPIaren arabera handitu, eta igandeetako plusak %50 igo. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA