Suhiltzaileek kontrolpean eta egonkortuta dute Aiarako Lanteno (Araba) kontzejuko baso sutea. Ostegunean berpiztu zen, eta sua guztiz itzaltzeko lanetan segituko dute gaur. Arabako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, sugarrei aurre egiteko lanetan parte hartu dute, hasieratik, Laudio, Langraiz eta Espejoko parkeetako suhiltzaileek, Nekazaritzako Foru Brigadak, Medina de Pomarko eta Kantabriako (Espainia) beste bi brigadak, Nekazaritzako basozainak eta bost helikopterok.
Egoera hobetuz joan den heinean, Medina de Pomarko eta Kantabriako brigadak pixkanaka joan dira, baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak bidalitako aireko baliabideak kendu ere. Horrela, lanean jarraitzeko, tokiko zerbitzuak gelditu dira bertan itzaltze lanetan: Laudio, Langraiz eta Espejoko suhiltzaileak, Nekazaritza Brigada, basozainek gidatutako bulldozerrak eta EAEko Larrialdietako helikopteroa.