Bi agerraldi, eta helburu bakarra: Araban martxan dauden makroproiektuak gelditzea. Araba Bizirik eta Biharko Lautada plataformek agerraldi bana egin dute Gasteizen. Biek ala biek lelo bera erabili dute euren salaketak egiteko: Araba ez dago salgai. Lehenengo plataformak fokua Labrazako (Oion, Araba) makroproiektuan ipini du, eta bigarrenekoek lurralde osoan gauzatuta edo gauzatzeko dauden proiektuak zerrendatu dituzte. Bi plataformek larunbaterako antolatua duten elkartasun egunera deitu dute.
Araba Bizirik lurraren aldeko zenbait kolektibo sozialek eratzen dute, eta gaur goizean Artium museoaren aurrealdean egin dute agerraldia. Bertan, Labrazako berehalako obrak eta alderdi politikoen jarrerak kritikatu dituzte, eta salatu dute enpresa energetiko handiei mesede egiten diela instituzioen «aurpegi garbiketak». Hain zuzen ere, museoaren barnealdean Eusko Jaurlaritzak antolatutako Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Itun Sozialari buruzko tailerra gauzatzen ari ziren, eta antolatzaileek adierazi dute mintegi hori «instituzioen desbideratze maniobra bat besterik ez» zela.
Manifestariek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak «hausnarketarako eta herritarrak sentsibilizatzeko» tailerrak sustatzen ditu museoan egiten ari ziren jardunaldian, baina, aldi berean, praktikan ingurune naturalak suntsitzen ditu makroproiektuetan oinarritutako eredua bultzatuz.
Labrazan egingo duten proiektuan ipini dute arreta, eta adierazi proiektuak laster jasoko duela behin betiko obra baimena. Gaineratu dute dagoeneko makineria ikusi dutela ingurua egokitzen. Halaber, ohartarazi dute Labrazakoak «bidea zabaltzen diela ate joka dauden dozenaka makroproiekturi».
Labraza Oiongo kontzeju bat da, eta herri horretako udalari kargu hartu diote elkarretaratzean bildutakoek. Adierazi dute 2023ko hauteskundeetan EH Bilduko hautagaitzaren funtsezko promes bat izan zela makroproiektuaren aurka egitea, baina kargua lortu ostean «Iberdrolaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskakizunetara makurtu» dela, «prebarikazioa saihesteko aitzakia faltsuarekin».
Biharko Lautada ere kalean
Ordu eta erdi lehenago, Eusko jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren parean elkartu dira Biharko Lautada plataformako kideak. Salatu dute arabarren etorkizuna jokoan ipintzen duela lurraldeak bizi duen «makroproiektuen inbasioak». Eta, jarraian, Araban eta haren mugan jadanik martxan dauden makroproiektuak zerrendatu dituzte: Elgea eta Urkillako mendilerroetan (Araba) 78 haize errotak osatutako zentral eolikoa eta Olatzagutiko (Nafarroa) Cementos Portlanden hondakinen errausketaren proiektua, besteak beste.
Salatu dutenez, «lautadaren inguruan dauden mendiak zentral eolikoekin suntsitzea gutxi balitz bezala», Arabako Lautadarako sei haize proiektu daude izapidetzeko bidean: Azazeta, Vitoria 30kV, Ali I-II, Gamarra I-VII, Gamarra VIII-IX eta Miritxa. Plataformak salatu du buletin ofizialetan «tantaz tanta» agertzen direla eguzki zentralen dozenaka proiektu, eta «herria ito arte» geratzen diren hutsune txikiak panelez, ispiluz, haize errotaz, bateria erraldoiz eta ehunka kilometroko tentsio handiko kablez beteko dituztela.
Abiadura handiko trenaren aurka 7.000 alegazio «alferrik» ipini dituztela adierazi dute, Araba «bitan zatitzeko» proiektuak aurrera jarraitzen baitu. Halere, aurretik beste plataformekin batera bildutako 60.000 alegaziori «beste mila» gehitu dizkietela eta aurkeztu dituztela azaldu dute. Gaur aurkeztutako alegazioak Asparrenean, Zalduondon eta Donemiliagan (Araba) ezarri nahi dituzten Asparrena, Katarri eta Igorita izeneko proiektuen aurka aurkeztu dituzte.
Labrazako proiektua gelditzeko eta bertako herritarrei elkartasuna adierazteko bi plataformek dei egin dute larunbaterako Labrazan bertan antolatu duten egun osoko egitarauan parte hartzera.
