Metalgintza sektoreak 25.000 langile inguru biltzen ditu Araban. Behargin horiei iaz iraungi zitzaien sektoreko hitzarmen kolektiboa, eta beste bat adosteko negoziazioak abian dira. Sindikatuen aburuz, ordea, negoziazio horiek ez doaz ondo: patronalaren «immobilismoa» salatu dute ELAk eta LABek.
LABeko kideek elkarretaratzea egin dute gaur SEA patronalaren egoitzaren aurrean, Gasteizen, salatzeko enpresa batzuk hitzarmenaren negoziazioak «blokeatzen» ari direla. Patronalak aurkezturiko proposamena «atzerapausoetan» oinarritzen dela uste du sindikatuak, eta patronalari exijitu diote langileen «baldintza bakar bat ere» okertuko ez duen proposamen bat egitea.
ELAk, bestalde, iragarri du ekainaren 17an manifestazioa egingo duela Gasteizen, eta ez ei du baztertzen grebara jotzea baldin eta patronalak «jarrera aldatzen» ez badu. Sindikatuen arabera, patronalaren proposamenak barne hartzen ditu hainbat «eskubide murrizketa»; tartean, malgutasun orduak %160 emendatzea eta gaixo baimenen inguruko eskubideak mugatzea.
Proposamen hori ikusita, sindikatuek eskatu dute baldintza hauek betetzeko: soldatak KPIa baino gehiago handitzea, lanaldiak murriztea eta «azpikontratazioen abusua» amaitzea. Maiatzaren 29an dira patronalarekin biltzekoak.