Duela aste batzuk, sindikatuek Arabako metalgintzaren sektoreko patronalaren «immobilismoa» deitoratu zuten, eta negoziazioetan aurrerapenik ez dagoela salatu dute gaur. Laugarren bilera egin dute bi aldeek, baina ez dute inolako adostasunik lortu, eta patronalaren jarrera kritikatu dute ELAk eta LABek.
Eskainitako baldintzak ez dira «onargarriak», haien ustez. Sindikatuen arabera, langileen egungo baldintzak «okerragotzen» dituzten proposamenak egin ditu SEA patronalak.
ELAren arabera, patronalak ez du negoziazioetan aurrera egiteko «inolako borondaterik», eta «negoziazioa blokeatu eta luzatu» nahi izatea leporatu dio. LABek, berriz, uste du patronalak «mugimendu txikiak» egin dituela proposamenak hobetze aldera, baina, hala ere, SEAren eskaintza «atzerapausoetan oinarrituta» dago, haien ustez.
25.000 langile inguru biltzen ditu Arabako metalgintzaren sektoreak. Hilabeteak daramatzate sindikatuek eta patronalak lan hitzarmen berria negoziatzen. Soldata igoerak, lanorduen murrizketak eta kontratuen egonkortzea dira sindikatuen aldarrikapen nagusiak, baina patronalak oraingoz ez ditu aintzat hartu. Ekainaren 17rako manifestaziora deitu du ELAk, Gasteizeko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta SEAren egoitzaraino.