Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du dozenaka asilo eskatzaile «kale gorrian» daudela oraindik

Sindikatuak ekinaldi gehiago iragarri ditu. Asilo eskatzaileen egoeraren inguruko asanblada informatiboa egingo dute ostiralean, 18:00etan, Salburuko Gizarte Etxean.

Asilo eskatzaileentzat egindako janari bilketa bat. GASTEIZKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
Asilo eskatzaileentzat egindako janari bilketa bat. GASTEIZKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
unai etxenausia
2025eko azaroaren 4a
10:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen dozenaka asilo eskatzaile kalean lo egitera behartuta zeudela, beren asilo eskaeraren tramiteak amaitu bitartean. Ordutik, egoerak ez du hobera egin, eta sindikatuak berriro ohartarazi du pertsona horiek «kale gorrian» jarraitzen dutela: «Instituzioek ez dute inolako alternatibarik eskaini, ezta gutxieneko zerbitzuak edo janari beroa bermatu ere, eta, bitartean, tenperaturak behera egiten ari dira eta eguraldia okerrera».

Erakundeen «erantzun faltaren aurrean», sindikatuko kideek, hainbat eragile sozialek eta boluntario talde batek elkar laguntzeko sareak eraiki dituzte, baliabideak eta oinarrizko produktuak banatuz. Sindikatuak gogorarazi duenez, urrian egindako elkartasun bilketek arrakasta handia izan dute Salburua, Alde Zaharra eta Arana auzoetan: «Arropa eta oinarrizko produktu asko bildu ditugu, eta auzokideen inplikazioa funtsezkoa izan da».

Horrez gain, antolakundeak nabarmendu du klase elkartasuna antolatzea dela instituzioen pasibotasunari aurre egiteko modu bakarra, eta, aldi berean, diskurtso eta ekintza erreakzionarioen aurrean babes sare sendoak eraikitzeko bidea. «Gero eta hotz handiagoa egiten du, eta instituzioek ez dute ezer egin. Langileok kolektiboki erantzun behar dugu, inor atzean utzi gabe», gaineratu dute.

Egoerari jarraipena emateko eta elkartasun dinamika bizirik mantentzeko, sindikatuak ekinaldi gehiago iragarri ditu. Hasteko, ostiral honetan bertan, asilo eskatzaileen egoeraren inguruko asanblada informatiboa egingo dute Salburuko Gizarte Etxean, arratsaldeko seietan. Azaroaren 14an, 19:00etan, kontzentrazioa egingo dute udaletxearen aurrean, instituzioen jardunik eza eta egoeraren larritasuna salatzeko. Azkenik, azaroaren 22an, Elkartasun Eguna antolatuko dute Salburuan, eta hainbat jarduera izango dira asilo eskatzaileekin batera.

Amaitzeko, sindikatuak adierazi du antolakuntzan jarraituko dutela, erakundeen utzikeriaren aurrean babes eta elkartasun espazioak sortzeko konpromisoari eutsiz: «Soilik klase elkartasunaren bidez egingo diogu aurre egoera honi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.