Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du dozenaka asilo eskatzaile kalean daudela oraindik

Atzo arratsaldean agerraldia egin zuen Gasteizen. Kalean lo egiten ari diren maliarren egoera azaldu, eta elkartasun ekintza gehiago iragarri dituzte datorren asteetarako.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo Salburuko polizia etxearen kanpoaldean egindako agerraldia. BERRIA
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak atzo Salburuko polizia etxearen kanpoaldean egindako agerraldia. BERRIA
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko urriaren 8a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailean, erakunde publikoek 30 pertsona inguru beste leku batzuetako harrera zentroetara eraman bazituzten ere, gaur egun berrogei pertsona baino gehiago daude oraindik Gasteizko Salburua auzoko komisariaren parean lotan, «janari berorik gabe eta oinarrizko zerbitzurik gabe». Pertsona horien egoera salatu zuen atzo Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, iluntzean egin zuen agerraldian. 

Kezka adierazi zuten sindikatuko kideek. Ohartarazi zutenaren arabera, asilo eskatzaileei jakinarazi diete hemendik aurrera Gasteizko Salburua auzoko Poliziaren egoitzatik Olagibel kaleko egoitzara lekualdatuko dizkietela tramiteak, hiriaren erdigunera. Erabaki hori dela eta, kezkatuta agertu zen sindikatua: «Tramiteak hiriaren erdigunera eramaten badituzte, asilo eskatzaileak euren egunerokoa han egin beharko dute. Horren aurrean udalak zer jarrera hartuko duen kezkatzen gaitu, denok baitakigu nola jokatzen duten hiriko erdiguneko pobrezia desagerrarazten saiatzeko».

Adierazi zuten asilo eskatzaileak Espainiara ailegatu zirela lehenengo, eta handik Frantziara edo Alemaniara joan zirela. Ordea, han esan zieten Europako Batasuneko legediaren arabera lehen aldiz sartzen diren herrialdean hasi behar dutela asiloa eskatzeko tramitea; eta horregatik daudela Gasteizen. Sindikatuak adierazi zuen 2026ko udarako ematen ari direla asilo eskaera egiteko hitzorduak, eta, azken berrien arabera, 2028rako ere bai.

Sindikatuko kideek azaldu zuten funtsezkoa dela jakitea zergatik iritsi diren asilo eskatzaileak Gasteizera: «Gasteizen asiloa eskatuta dauden pertsonak gerratik ihesi datoz. Eta gerra hori Sahelgo zerrendan mendez mende egin den espoliazio kolonialistaren ondorioa da».

Traben aurrean, elkartasuna

Salatu zuten egunero gero eta jende gehiago dagoela «erabat babesgabe», eta instituzioek ez dutela ardura beren gain hartzen. Instituzioen jarrera salatzeaz gain, asilo eskatzaileek burokrazian eta hortik at dituzten trabak zerrendatu zituzten: gainezka eginda dagoen labirinto burokratikoa, ezagutzen ez duten hizkuntza batean egin beharreko tramiteak, deskantsatzeko lekurik eza, hotza, janari beroa jan ezina eta komunik eza.

Instituzioen ekintza falta ikusirik zenbait kolektibok «ahal duten heinean» hartu duten ardura azpimarratu zuten. Eta horrelakoetan klase elkartasuna antolatzearen garrantzia nabarmendu zuten.

Bide horretan, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak iragarri du iragan hilean bezala datozen asteetarako ere arropa eta janari bilketak antolatu dituztela Gasteizko zenbait auzotan, besteak beste berokiak eta oinarrizko produktuak biltzeko: urriaren 17an Salburua auzoko gizarte etxean, urriaren 24an Alde Zaharreko Faroloian, eta azkena, urriaren 31n, Arana auzoko Itxasberriko plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.