Zirauntza ibaitik hartzen dute ura Asparreneko herriek (Araba). Udalerriko herriburuan jaiotzen da erreka hori, Araian. Aurtengo udan, ordea, errekaren emaria nabarmen apaldu da, eurien eskasia dela eta. Horrek arriskuan jarri du udalerriko ur hornidura, eta Asparreneko Udalak zenbait debeku ezarri behar izan ditu hornidura eten behar ez izateko. Hala ere, egoerak bere hartan jarraitzen badu «aldian aldiko» ur etenak saihetsezinak izango direla dio udalak.
Besteak beste, soroak eta lorategiak ureztatzea, autoak garbitzea eta igerileku pribatuak betetzea debekatu du udalak. Uraren kontsumoa murriztu eta prezipitazioak ugaritu ezean, Txelo Auzmendi alkateak iragarri du udalak horniduran etenak ezarri beharko dituela «biztanle guztiei ura ziurtatzeko». Eguraldiaren iragarpenak kontuan hartuta, ez dirudi bigarren baldintza beteko denik, 38 gradurainoko tenperaturak espero baitira Araban aste honetarako. Hori dela eta, herritarrei «arduratsu» aritzeko eskaera egin die udalak, uraren kontsumoa apaldu eta neurri zorrotzagoak saihesteko.