Medikuarenean ordua lortzea gero eta zailagoa da azkenaldian, eta Arabako Añana eskualdeko bizilagunei ezinezkoa bilakatuko zaie aste honetan. Izan ere, eskualde horretako Osakidetzako langileek grebarako deia egin dute, eta larrialdiak soilik artatuko dituzte aste osoan, 13tik 17ra. Arabako Alea-k jakinarazi duenez, langileen egutegia da Osakidetzaren eta eskualdeko erizain eta medikuen arteko gatazkaren muina: osasun eremu horretako zuzendaritzak alde bakarrez erabaki du beharginek adosturiko egutegia bertan behera uztea, eta, horren ondorioz, orain langileak derrigortuta daude zerbitzuak murriztera eta ordu estrak egitera. Horren aurka protesta egiteko egingo dute greba aste osoan.
Gaur goizean ekin diete mobilizazioei, 11:30ean Lantarongo udaletxe aurrean elkarretaratzea eginda. Ostiralean, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean elkartuko dira, egoera salatzeko. Langileek adierazi dute zerbitzu minimoak ziurtatuta daudela, eta larrialdiak Espejoko kontsultategian artatuko dituztela, baina erabiltzaileak deitu dituzte mobilizazioekin bat egitera.
Beharginek azaldu dutenez, aurtengo urtarrilean, eskualdeko lantaldean erizaintzako beste langile bat sartzearekin batera, lan egutegia adostu zuten, aho batez adostu ere. Egutegi horrek modua ematen zuen arreta ordu gehiago izan zitezen erabiltzaileentzat, eta, aldi berean, langileek ez zitzaten aparteko ordu gehiegi egin. Martxoan, ordea, zuzendaritzak erabaki zuen egutegi hori bertan behera utzi eta beste bat inposatzea. Egutegi horren eraginez, «zerbitzu murrizketak» izango dira, besteak beste Bergondako eta Lantarongo erizain kontsultetan, baina, aldi berean, langileetako batzuek ordu estra gehiago egin beharko dituzte. Ikusita egutegi horrek «kalte» egiten diela «gaixoei eta profesionalei», zuzendaritzari eskatu diote negoziatu dezala eta aintzat har dezala langileek adostutakoa.