Atsegiñe izeneko patata mota berria ondu du Neikerrek txip patatak ekoizteko

Kolore moreko patata mota berria mildiuarekiko eta Y birusarekiko erresistentea da, eta «kalitatea eta ekoizpena» emendatzea ekarriko du, nekazaritza ikerketako institutuaren arabera.

Atsegiñe patata mota berriaren lehen aleak. NEIKER
Atsegiñe patata mota berriaren lehen aleak. NEIKER
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 6a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehenago sortuak zituzten laborategian Gorbeia eta Leire, eta Atsegiñeren txanda da orain. Baina, giza tankerako izenak edukiagatik, aipaturiko horiek ez dira Frankensteinen izakiaren pareko sorkuntzak, Neikerrek Arkautiko laborategietan ondutako patata mota berriak baizik. Nekazaritza ikerketarako institutua aspalditik ari da Arabako patataren sektorea suspertu nahian, eta, horretarako, egungo erronkei eta merkatuari erantzungo dieten patata mota berriak sortzea da haien lanetako bat.

Ildo horretan, Atsegiñe patata mota berria patentatu dutela iragarri dute gaur. Barrualdea kolore more deigarrikoa duen patata mota berri hori txip erako patata frijituak ekoizteko sortu dute. Nacho Ruiz de Galarreta ikerlariak azaldu duenez, patata mota horretan «ziurtatua dago testura kurruskaria; tenperatura handietan frijitzean ez da iluntzen, eta ez du zapore mikatzik hartzen».

Sendoago eta osasuntsuago

Atsegiñe motako tuberkuluak txip patatak ekoizteko egokiak direla esan du ikerlariak, kolore morea gordetzen baitute kozinatu eta gero ere. Ez da hori, ordea, patata berri horien bertute bakarra: mildiuak eta Y birusak pataten ekoizpenari erasan diote azkenaldian, eta Atsegiñe motako tuberkuluek erresistentzia handiagoa dute. Horrek pataten «kalitatea eta ekoizpena» handitzeko modua emango du. 

Kalitateari dagokionez ere, badituzte abantailak laborategian ernaturiko patata berriek: ohiko patata zuriek baino konposatu antioxidatzaile gehiago ditu Atsegiñek, %30 gehiago, zehazki. Antioxidatzaileek zelulen zahartzearen aurkako eragina dute, eta, hortaz, patata mota berri hori bestelako tuberkuluak baino osasuntsuagoa ere bada.

Atsegiñek badu, ordea, berezitasun bat: ez du hotza gustuko. Neikerreko ikerlariek azaldu dutenez, 7 gradutik gorako tenperaturan gorde behar da patata mota berria, «hotzak ez dezan azukre maila handitu»; izan ere, hori jazoz gero, txip patatak ekoizteko «kalitate onena galduko» luke patatak.

Ikusteko dago Arabako lautada hotzetara nola egokituko den Atsegiñe, baina, Neikerrekoen ustez, industriarentzako aukera ona da «produktu berritzaile» hori, lehen sektoreari «merkatuaren kontsumo joerei» erantzuten lagunduko baitio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA