Kristauen erlijioan, hiru egun egon zen hilik Jesu Kristo, Jaunaren semea, eta hirugarrenean berpiztu zen mundura. Rock musikaren seme-alaba askok ere antzeko errituala egiten dute urtero: mundutik desagertzen dira hiru egunez, Gasteizko Azkena Rock festibalak irensten baititu, eta, orotariko erritmo biziek eragindako esperientzia mistikoaren ostean, berriro jaiota lez itzultzen dira mundura. Aurten ere horren lekuko izango dira Mendizabaletik gertu dabiltzanak, beti bezain indartsu hasiko baita bihar jaialdiaren 24. aldia.
Aniztasuna izan du goiburu eta ezaugarri nabarmen jaialdiak azken urteetan, eta aurten ere ez da bestela izango. AEBetako, Kanadako eta Ingalaterrako rock eta punk talde klasikoak igoko dira oholtzara, baina baita beste hainbat jatorri eta estilotako taldeak ere. Suedian, Austrian, Espainian, Katalunian zein Euskal Herrian dute beren jatorria eszenatokira igoko diren hainbat taldek. Lehen herrialde horretatik dator, adibidez, lehen eguneko kartelburua, The Hives taldea. Alice Cooper eta Social Distortion izango ditu lagun kartelburutzan.
Estilo aldetik ere, ez dira rock aratz eta garbira mugatuko: punk, folk, jazz, elektronika eta beste hainbat joeratako doinuak gurutzatuko dira agertokietan. Aretxabaletako (Gipuzkoa) Nhil taldearen pop-soul-funk doinuak, Bretainiako Cuir bandaren punk sintetikoa, DeWolff hirukote herbeheretarraren rock psikodelikoa eta Robert Finley blues eta soul abeslari beteranoaren kantuak entzun ahalko dituzte Mendizabaleko gunean biltzen diren zaleek.Â
Kristau parabolan bezala, Azkenak ere badu bere hirutasun santua: aurten ere, bere ohiko hiru eszenatokiak izango ditu jaialdiak —God, Respect eta La Salve—. Alta, aurreko urteetan hasiko eresia indartu egin da aurten, laugarren agertokiak, Trashville izenekoak —Gasteizko Zaramaga auzoaren izen ingelestua daramanak— kartel nabarmena izango baitu. Bertan izango dute tokia etxeko txikitxoenek ere, TxikiARF izeneko gunea atondu baitute antolatzaileek bertan, etorkizuneko rockzaleen gozagarri.
Azkenik, Mendizabaleko gune sakratura sarbiderik izan ez dutenek ere izango dute musikaz debalde gozatzeko parada, Gasteizko bihotzean kokaturiko Andre Maria Zuriaren plazan ere kontzertuak antolatu baitu jaialdiak etzi eta etzidamu. Ostiralean, Kanadako Bywater Call taldeak joko du bertan, eta Alemaniako The Backyard Casanovasek, berriz, larunbatean. Bietako bat ere ez dator AEBetako hegoaldetik, baina lur horietako blues eta soul doinuak oroitarazten dituzten abestiak joko dituzte.Â
Agertoki nagusietara itzulita, The Hives taldea izango da protagonista bihar, lehen eguneko otordu nagusia izango baita talde suediarra. Baina haien ingelesezko kantak ez dira izango Mendizabaleko airea urratuko duten lehenak —23:25ean joko dute, God oholtzan—, arratsaldea euskaraz kantatzen duen talde batekin abiatuko baita, Nhilekin, hain zuzen ere; haiek izango dira jotzen lehenak, 18:15ean, Respect agertokian. Haien ondoren, DeWolff hirukoteko kideak ariko dira toki berean.

Trashvillen ere izango da zer entzuna eta zerekin gor geratua, Captain Trasho galiziarrak inauguratuko duen arratsak izango baitu segida potenterik; besteak beste, Bartzelonatik etorri den Radioactivas boskotearekin. «Bat bera ere tente utziko ez duen zuzenekoa» eskaintzeko prest datozela hitzeman dute antolatzaileek, eta, haien ibilbidea eta oholtzakideak ikusita, espero izatekoa da jaialdiko lehen arrats horretan iragarpen hori egia bihurtzea.
Ostirala, shock erabatekoa
Bigarren egunean, zale gehienak emanaldi jakin baten zain egongo dira ziurrenik, shock rock deituriko generoaren aitzindaria igoko baita gauerdia igaro eta gutxira oholtzara. Alice Cooper da bera, oholtzetan 60 urte baino gehiago daramatzan rock musikari beteranoa. Antzerki erako emanaldi deigarri eta bitxiak musikarekin bateratzea du ezaugarri genero horrek, eta Cooper bera du maisu. 80 urte betetzear da kaliforniarra, baina behin baino gehiagotan erakutsi du artista erregaitz horietako bat dela, eta Mendizabalera horixe bera erakusteko asmoz etorriko dela espero da. Zer-nolako performancea eskainiko ote du aurten? Heavy metala eta rock gogorra nahasten dituzten doinuekin batera, gillotina bat edo suge erraldoi bat, edozer izan dezake lagun Cooperrek oholtza gainean.Â
Hala ere, ikusminari dagokionez, Cooperrek izango du lehiakiderik, luzaro esperotako itzulera baten lekuko izango baitira zaleak ostiralean berean. Izan ere, Sugar talde estatubatuarrak berriro ere oholtza gainera igoko zela iragarri zuen joan den urtean. Rock alternatiboa jorratu zuen talde horrek eragin handia izan zuen 1990eko hamarkadan, baina haien ibilbidea izar uxo baten parekoa izan zen: biziki distiratsua, baina oso laburra, hiru urte soilik iraun baitzuen, 1992tik 1995era. Tarte labur horretan ez zuten Euskal Herrira iristeko astirik izan; Bartzelonan izan zituzten euskal zaleek gertuen, 1993an, haien lehen albuma aurkezten, baina aurtengoa lehen kontzertua izango dute Euskal Herrian, askok galdu nahiko ez duten aukera.
Beteraniaren eta nostalgiaren zaleek izango dute beste aukerarik ere, Evaristok itxiko baitu ostiraleko gaua Respect eszenatokian. Lau hamarkada baino gehiago egin ditu Aguraingo (Araba) La Polla Records punk talde mitikoko abeslariak oholtzetan, eta, taldea 2003an desegin zenetik, beste hainbat proiektutan parte hartu du: Gatillazo, The Kagas, The Meas, Tropa do Carallo... Horren guztiaren errepasoa egiten duen atzera begirako «formatu bereziko» ikuskizunarekin iritsiko da Azkena Rockera. Gaztaroko punk aireen zafrada berriro sentitu nahi duten beteranoentzat zein abeslariaren ibilbidea deskubritu nahi duten hasiberrientzat parada ezin hobea, beraz.Â
Hiru horiek izango dira, ziurrenik, publikoak gehien esperotako emanaldiak, baina talde ugari igoko da oholtzara ostiralean, eta askotariko egitaraua izango da, beraz. Rock klasikoagoren zaleek The Damn Truth izango dute La Salve eszenatokia irekitzen, eta, agertoki horretan bertan, punk kaotikoenaren jarraitzaileek Tropical Fuck Storm talde australiarra izango dute entzungai. Punk gogorrenaren akolitoek ere izango dute zer entzuna Trashvillen, tabu guztiak haustea helburu duen The Dwarves talde historikoarekin.Â
Larunbatean, bakerik ez
Lehen bi egunetako egitarau indartsua gorabehera, larunbata izango da kontzertu gehieneko eguna, hogei talde izango baitira egun horretan jaialdiko oholtzetan. Zerrenda luze horretan, ordea, hiru izango dira nabarmenenak, beste behin ere. Protagonismoaren puska on bat Social Distortion talde kaliforniarrak hartuko du. Rock klasikoa beste hainbat estilorekin nahasten duen soinu errepikaezina ondu du zenbait hamarkadatan Mike Ness abeslaria buru duen taldeak, eta jarraitzaile samalda bildu ditu Nessek bere kantu-hitz sarri autobiografikoekin. Duela bost urte ere izan ziren Gasteizen, baina orain disko berriarekin datoz: zortzigarrena dute Born to Kill izenekoa.
Rock talde klasiko horrek estilo oso ezberdinetako bi artista izango ditu lagun eszenatokian, musikalki elkarren antipodetan daudenak, gainera. Batetik, Jason Isbell abeslari estatubaturra, The 400 Unit izeneko bandak lagundurik. Country eta folk generoetatik hurbilago dagoen soinua lantzen du Isbellek, emozioz beteriko hitz eta abestiekin, sarri rock ukituak emanez, baina AEBetako hegoaldeko herri izaera mantenduta. Eta, bestetik, synthwave estiloaren aitzindari eta egungo buruzagia den Carpenter Brut igoko da egun horretan oholtzara. Musika elektroniko gordina ekoizten du artista frantziarrak, eta trilogia bat ixten duen azken diskoa atera berri du, Leather Temple. Musika elektronikoaren zale direnak zein ez direnak liluratzeko promesarekin dator. Gauza bat badago argi: neonezko argi distiratsuek, pantaila argitsuek eta beldurrezko pelikuletan inspiraturiko estetikak ez dute inor epel utziko.Â
Egitaraua
OSTEGUNAÂ
God gunea: 19:05, Robert Finley; 21:10, Imelda May; 23:35, The Hives.
Respect gunea: 18:15, Nihl; 20:05, DeWolff; 22:30, Corrosion of Conformity; 01:00, The Adicts.
Trashville gunea: 19:30, Captan Trasho; 21:00, Radioactivas; 22:30, The Concrete Boys;Â 01:00, Les Robots; 02:30, Angel y Cristo.
Â
OSTIRALAÂ
God gunea: 17:30, Black Maracas; 19:20, Los Enemigos; 21:40, Sugar; 00:20, Alice Cooper.
Respect gunea: 18:15, The Del Fuegos; 20:25, Old Crow Medicine Show; 23:00, The Temperance Movement; 01:55, Evaristo.
La Salve gunea: 18:10, The Damn Truth; 19:30, Hällas; 21:00, Circle Jerks; 23:20, Tropical Fuck Storm; 02:00, Voivod.Â
Trashville-Trash a Go-go gunea: 18:15, Cave-Girl & Neandergals; 20:00, Stompin' Riffraffs; 22:20, Henge; 01:00, The Dwarves; 03:00, Restless Ramone.
Trashville-Rat Hole gunea: 17:30, Txiki Arf.
Â
LARUNBATAÂ
God gunea: 17:30, Lepora; 19:20, Superchunk; 21:40, Social Distortion; 00:35, Carpenter Brut.
Respect gunea: 18:15, Vandoliers; 20:25, Sleaford Mods; 23:15, Jason Isbell & The 400 Unit; 01:55, Alcala Norte.
La Salve gunea: 18:00, Rodeo; 19:30, Split Dogs; 20:50, Starbenders; 22:30, Lady Banana; 00:15, Discharge; 01:50, Therapy.
Trashville-Trash a Go-go gunea: 18:30, Twin Ghosts; 20:30, Bridge City Sinners; 22:30, Capitan Entresijos; 01:00, Bloodsucking Zombies From Outer Space; 03:00, Cuir.
Trashville-Rat Hole gunea: 17:30, Txiki ARF.
Â