Bangladeshko Rana Plazako arropa fabriketako biktimak omentzeko performancea egin dute Gasteizen

Hondamendiaren hamahirugarren urtemugan, SETEM Hego Haizea eta Arropa Garbia Kanpaina kolektiboek ehungintzaren sektoreko enpresei lan baldintza hobeak eskatzeko kanpaina defendatu dute Arabako hiriburuan egindako kale ekintzan.

Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan egindako performancea; manifestariek estu hartu dute zuzendaria, dokumentua sina dezan. SETEM HEGO HAIZEA
Gasteizko Urrezko Zeledonen plazan egindako performancea; manifestariek estu hartu dute zuzendaria, dokumentua sina dezan. SETEM HEGO HAIZEA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 24a
14:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamahiru urte igaro dira Bangladeshko Savar hirian hondamendia jazo zenetik. 2013ko apirilaren 14an, hain zuzen ere, Mendebaldeko arropa enpresentzat jantziak egiten zituzten lantegiz beteriko Rana Plaza eraikina goitik behera amildu zen. Milaka pertsona geratu ziren harrien azpian harrapatuta, eta 1.134 izan ziren hildakoak. Ehungintzaren sektoreko baldintza txarren ondorioz hildako haiek oroitzeko eta sektore horretan lan baldintza hobeak eskatzeko, kaleko performance bat egin dute gaur Gasteiz erdialdean SETEM Hego Haizea eta Arropa Garbia Kanpaina eragileek. 

Izan ere, gaur eguerdian ezohiko eszena ikusi dute, agian, Arabako hiriburuko Urrezko Zeledonen plazatik igaro direnek. Plaza erdian, mahai dotore batean eserita, jantzi are dotoreagoarekin, enpresa handi bateko zuzendari nagusiaren itxura zuen gizon bat ageri zen. Dokumentu bat zeukan aurrean, eta bolaluma eskuan, baina ez zuen sinatzeko keinurik egiten. Halako batean, manifestari batzuk hurbildu zaizkio, ehungintzaren sektoreko lan baldintza kaskarren aurkako aldarriekin, eta, haien presioari men egin, eta sinatu du dokumentua zuzendariak.

Dokumentu hori Ehungintzaren Industriako Segurtasunerako Akordioaren kopia bat da. Rana Plazako triskantzaren ondoren sortu zen akordio hori, ehungintzaren sektoreko enpresak langileen lan baldintzak hobetzeko konpromisoa har zezaten, eta, sinadura sinboliko horrekin, Sinatu, sina dezaten kanpaina aurkeztu nahi izan dute eragileek.

Arropa Garbia elkarteak abiaturiko kanpaina da sinadura bilketa hori, akordio hori sinatu ez duten enpresei behingoz izenpetu dezatela eskatzeko. IKEA, Decathlon, Amazon, Mayoral eta beste enpresa handi batzuek ez dute oraindik akordio lotesle hori sinatu, eta enpresok horretara behartzeko «gizartearen mobilizazioa» beharrezkoa dela azpimarratu dute eragileek. «Presio publikorik gabe, oraindik sinatu ez duten markek ez dute jarrera aldatuko», azpimarratu dute elkarteek, eta kanpainarekin bat egiteko eta gaurko sinadura sinbolikoa benetako bihurtzeko deia egin diete herritarrei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA