Basa zikloa: natura, euskara eta gorputzak uztarturik Aiaraldean

Ziklo artistiko berria ondu du Aiaraldea Ekintza Faktoriak, euskara eta natura ardatz. Diziplina ugaritako arte adierazpenak uztartu dituzte. Hilaren 25ean zabalduko dute zikloa, ibilaldi eta ekintza artistiko kolektibo batekin.

Garaion guneko Amaia Gabilondo, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Garaion guneko Amaia Gabilondo, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 14a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badira jakintza batzuk hitzetatik harago doazenak, gorputzean agertzen direnak». Esaldi misteriotsu hori aukeratu dute Aiaraldea Ekintza Faktoriakoek antolatu berri duten ziklo artistikorako. Basa zikloa izenaz bataiatu dute, eta, «natura, euskara eta gorputzak» ardatz harturik, diziplina artistiko ugaritako ekitaldiak prestatu dituzte hiru egunetarako. Apirilaren 25a, maiatzaren 24a eta ekainaren 6a izango dira egun horiek, eta «elkarrizketak, sorkuntza lanak, ikuskizunak, hausnarketak, ikaskuntzak eta saretze basatiak» eskainiko dituzte. Parte hartuko duten artisten zerrendak, landuko dituzten diziplinenak bezala, luze egiten du aurrera: Amaia Gabilondo, Idoia Zabaleta, Miren Gaztañaga, Eneritz Artetxe, Mikel Ayllon... Horiek eta beste askok hartu dute parte zikloaren antolakuntzan.

Proposamenen berritasunaren eta pluraltasunaren erakusgarri, lehen egunean eskainiko den programari begiratzea baino ez dago. «Ibilaldi bat eta ekintza artistiko kolektibo bat» aukeratu dituzte zikloari hasiera emateko, «Faktoriatik gertu den naturagune batean». Amaia Gabilondo eta Idoia Zabaleta izango dira gidari sorpresaz beteriko ibilbide horretan. Bertaratuko direnek, ordea, orotariko ekintzak aurkituko dituzte: dastaketa artistikoak, Lurdes Iriondori buruzko dokumentala, musika kontzertuak, proposamen teorikoak... Artista zein zaleentzako aukerak zabalak izango dira zikloaren barruan. Apirilaren 25etik abiatuta, beraz, sorkuntzaz eta elkarlanez beteko dituzte Araba iparraldeko ibarrak Aiaraldea Ekintza Faktoriakoek, artea diziplinarteko ikuspuntu kolektibo batetik aldarrikatzeko. 

Apirilaren 25erako egitaraua

  • 11:00-14:00: Sorkuntza kolektibo bat naturan. Garaion Sorginguneko lantaldea eta Idoia Zabaletaren performancea. 
  • 14:00: Dastaketa goxoa Faktoriako Elikadura Ildoaren eskutik. Marta Marimon eta Andrea Velascoren sorkuntzak.
  • 18:00: 'Ez gara alferrik pasako'. Lurdes Iriondori buruzko dokumentala.
  • 19:30: Amaia Miranderen bakarkako kontzertua. 
  • 20:00: Berbalabanakaz taldearen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA