Saskibaloia

BDZk Baskonia eta Israelgo taldeen arteko partidak bertan behera uzteko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari

Batzar Nagusietako lehendakaritza batzordean, BDZko ordezkariek esan dute aldundiari dagokiola partidak debekatzea. Iragarri dute «genozidioaren legitimazioaren aurkako» erantzun sozial indartsua izango dela lehiak bertan behera utzi ezean.

Palestinako banderak, Baskoniak eta Maccabik 2025ean jokaturiko partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Palestinako banderak, Baskoniak eta Maccabik 2025ean jokaturiko partidan. RAUL BOGAJO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko otsailaren 2a
14:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinarren aurkako genozidioa eta Israelgo estatuak egindako giza eskubideen urraketak salatzen dituzten erakundeek sarritan adierazi dute Israelek nazioartean duen irudia zuritzeko erabiltzen dituela kirolaren esparruko ekintzak. Horien artean, polemika berezia eragin dute Gasteizko Baskonia saskibaloi taldeak Euroligan Israelgo taldeen aurka jokatu behar dituen partidek. Aurten, Tel Aviv hiriko (Israel) Hapoel eta Maccabi taldeek jokatuko dute Baskoniaren aurka, Gasteizen: Hapoel taldea martxoaren 27an ariko da Baskoniaren aurka, eta Maccabi, berriz, apirilaren 7an. Hori ikusita, Israelen aurkako eta Palestinaren aldeko Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) mugimenduak partidak bertan behera uzteko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari.

Arabako Batzar Nagusietako lehendakaritza batzordearen aurrean egin duten agerraldian, BDZko Gladys Giraldo eta Koldo Alzola ordezkariek azaldu dute Maccabi eta Hapoel taldeek lotura zuzena dutela Palestinako genozidioarekin, eta Israelek bere irudia nazioartean «zuritzeko» erabiltzen dituela kirol ekitaldiak. Izan ere, Maccabi taldeko kirolariek eta zuzendaritzako kideek Israelgo armadaren aldeko adierazpenak egin izan dituzte, eta Hapoelen jabeak, Ofer Yannaik, sarritan hitz egin du Gazako zerrendan egin dituzten sarraskien alde.

Alzolak azpimarratu du talde horiek kirolaz besteko arrazoiengatik parte hartzen dutela Euroligan: Euroliga «erakunde pribatua» da, eta taldeek «ordainduta» parte hartzen dute bertan, ez kirol merituengatik. Gainera, Israelgo estatuaren Hasvara (propaganda, hebreeraz) organoak Israelgo taldeen parte hartzea zuzenean sustatzen du, Alzolaren esanetan. Hori dela eta, gizartearen eskakizunekin bat egiteko eskatu diote aldundiari, eta partidak bertan behera uzteko.

Koherentzia eta betebeharra

Alzolaren arabera, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Israelgo taldeak Euroligan eta Gasteizen aritu izana salatu du. Hala, «koherentziaz jokatzeko» eskatu dio ahaldun nagusiari, baita partidak bertan behera uzteko ere. Izan ere, aldundia da Buesa Arena estadioaren jabea, eta, BDZren ustez, Espainiako Gobernuak giza eskubideak urratzen dituzten ekitaldiak bertan behera uzteari buruz onartu zuen dekretuaren babespean, legez aldundiak badu partida horiek ezeztatzeko «aukera eta betebeharra».

Gainera, Israelgo taldeak Gasteizera jokatzera datozenean «salbuespen egoera» aplikatzen dela salatu du Alzolak. «Zer esparru legalaren arabera konfiskatzen dituzte Palestinako banderak?», galdegin diote batzordeari. Izan ere, Palestinako bandera legezkoa da, eta Nazio Batuek onartua, baina, Israelentzat legez kanpokoa denez, konfiskatu izan dituzte Baskoniak hango taldeen aurka jokatu dituen partidetan. Bi hitzetan definitu du egoera Giraldok: «konplizitatea genozidioarekin».

Erakundeek eta gizarteak igorri beharreko mezua argi utzi dute ordezkariak: «Ez ditugu genozida hauek hemen nahi». Eta, Alzolaren ustez, «ez da nahikoa» Israelgo taldeen aurkako partidak ateak itxita jokatzea, lehenago Madrilen eta Bartzelonan jazo den bezala. BDZko kideek iragarri dute «mobilizazio herritar indartsua» izango dela aldundiak partida horiek bertan behera utzi ezean. Are gehiago, Gasteizen egun horietan iskanbila handiak sortzea espero dute, bereziki Hapoelen aurkako partidaren egunean, egun horretan bertan igarotzen baita Korrika hiritik. Hortaz, Israeli behingoz zigorrak ezartzeko eta partidak ezeztatzeko eskatu die Giraldok erakundeei gaurko batzordean: «Bi urteko genozidio telebisatua ez bada nahikoa, zer behar da?».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.