Artea begirada da, artistak zerbaiti edo norbaiti buruz dakarren ikuspegi berria. Kontzeptu horretan zentratu da Asparreneko Udala Araiako Andra Mari baselizan Begiradak izeneko erakusketa antolatzeko. Argazki erakusketa da Begiradak, eta tokiko bi artistaren, Felipe Gomez de Seguraren eta Iñaki Jauregialtzoren, lanak jaso dituzte bertan. Bakoitzak bere estiloan, Arabako lurraldeko erretratuak eta irudiak dakartzate bi artistek, bakoitzak lurraldearekiko duen begirada pertsonal eta propioa eskainiz.
Abuztuan izango da ikusgai erakusketa, asteburuetan, zehazki. Irekiera ekitaldia abuztuaren 7an izango da, arratsaldeko seietan, eta argazkilariak bertan izango dira, nork bere obrari buruzko azalpenak emateko eta ikusleen galderei erantzuteko. Hortik aurrera, larunbatetan eta igandeetan bisitatu ahalko da erakusketa, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Egun horietan ere, artistak tarteka han izango dira, bisitariei obren inguruko azalpenak emateko.
ICM edo Kameren Mugimendu Intentzionala izeneko mugimenduaren estiloari jarraitzen dio Gomez de Segurak. Argazkiak hartzerako orduan kamera mugitzean datza estilo horren oinarria, indar plastiko eta mugimendu handiko irudiak sortzeko. Jauregialtzok, berriz, zuri-beltzeko argazkiak aurkeztuko ditu. Bien artean, kontrastea interesgarri iragartzen duten hogei bat argazki bildu dituzte erakusketarako.