Asteburuan zehar hiru gizonezko atxilotu ditu Gasteizko Udaltzaingoak indarkeria matxista leporatuta. Larunbat eguerdian jazo zen lehen erasoa, Sansomendi auzoan. Agenteek bertaratzeko abisua jaso zuten, gizon bat emazteari heriotza mehatxuak egiten ari zitzaiolako. Lekuko guztien adierazpenak jaso ondoren, emakumeak zituen lesioak ikusita, udaltzainek gizona atxilotu zuten, indarkeria matxista egotzita.
Igande arratsaldean, berriz, poliziek 43 urteko gizon bat atxilotu zuten Zalburu plazan, bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta. Gizonak urruntze agindua bazuen ere, kalean hurbildu zitzaion haren bikotekide ohiari, eta emakumearen eta hura defendatzen saiatu zen lagun baten aurka oldartu zen, lekukoen arabera. Erasotutako bi pertsonek zituzten lesioak ikusita, agenteek gizona atxilo hartu zuten, biktimarekiko urruntze agindua zuela ziurtatu ostean.
Bart gauean jazo zen azken erasoa. Udaltzainek abisua jazo zuten, itxuraz mozkorturik zegoen jende taldea ibilgailu batera igotzekotan zelakoan. Bertaratzean, agenteek ikusi zuten taldeak gizon bat helduta zuela. Lekukoen arabera, taldeko batek kotxera igo zirenei mozkortuta ez gidatzeko eskatu zienean, gizonetako bat haserretu egin zen eta indarrez atera zuen autotik taldeko emakume bakarra, haren bikotekidea, lurrera botatzeko. Udaltzainek atxilo eraman zuten 43 urteko gizonezkoa, indarkeria matxista leporatuta.