Urtarrilean aurkeztu zuten Arabako Bertsolari Txapelketaren 2026ko edizioa, eta orotara hemezortzi bertsolari lehiatuko dira. Orduan iragarri bezala, larunbat honetan izango da lehen saioa, Oionen, Arabako Errioxan. Kanporaketa saio horrekin ekingo diote txapelketaren lehen faseari eta, otsailean, seina bertsolari ariko dira hiru saiotan. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da martxoko finalaurrekoetarako —lehenengo eta hirugarren saioetakoak lehen finalaurrekora, eta bigarrenekoa bigarren finalaurrekora—, eta gainerakoak puntuazio orokorraren arabera sailkatuko dira.
Oiongo lehen kanporaketan Arabako bertsolaritzako sei aurpegi ezagun arituko dira kantari. Tartean da Aroa Arrizubieta Barredo, oraingo txapelduna, berak irabazi baitzuen 2024ko txapelketa. Lehen txapela irabazi zuen ordukoan Arrizubietak, eta bigarrenaren bila ere indartsu abiatuko da.
Txapeldunarekin lehian
Oholtza gainean, ordea, izango du lehiakide finik, bai esperientziaren aldetik, bai gaztetasunaren aldetik. Izan ere, Arrizubietarekin kantari arituko dira oholtzan eskarmentu handia duten bi bertsolari: Felipe Zelaieta Txurruka eta Iñaki Viñaspre Simon. Urteak daramatza plazetan Zelaietak, eta, finalean sartzea lortu ez badu ere, 2022ko Arabako txapelketan finalerdietara iristea lortu zuen. Hau ote finalera helduko den lehen aldia? Viñaspre, berriz, finaletako maizter finkoa izan da 2004tik, eta txapeldun ere izan zen 2019an. Ziurra da aurten ere finalera iristen saiatuko dela.
Alboan izango dituzte Martin eta Sabin Abarrategi Sarrionandia anaiak. Aramaioko bertsolari sendiko kideak biak. Orain arte, Peru Abarrategi Sarrionandia —anaia nagusia eta 2022ko txapelketaren irabazlea— izan da familiako ezagunena, baina posible da aurten anaia gazteetakoren batek aurrea hartzea. Gaztea izanagatik Arabako txapelketetan sarritan aritu den Unai Anda Delika zuiarrak osatuko du seikotea.
Finalerako bidea
Larunbatean izango da saioa, 17:30ean, Oiongo Bazterra aretoan, Eli Plazaola Zubizarreta gai emaile dela. Lehen faseko hiru saioetan, ariketa berberak egin beharko dituzte bertsolariek. Hasteko, binaka ofizioetan: hiruna bertso ondu beharko dituzte zortziko handian lehenik, zortziko txikian ondoren, eta hamarreko txikian, azkenik. Binakako kantaldien ostean, bakarka arituko dira, puntua emanda, eta zortziko txikian bi bertso kantatu beharko dituzte. Saioa bukatzeko, bakarka bina bertso abestuko ditu bertsolari bakoitzak, neurri librean.
Saioa amaitutakoan jakingo da zein izango den finalaurrekoetako lehen parte hartzailea. Gainerakoen izenak jakiteko, berriz, lehen faseko saio guztiak jokatu arte itxaron beharko da. Otsailaren 15ean izango da hurrengoa, Laudion, eta otsailaren 21ean azkena, Izarran. Martxoko lehen asteetan egingo dira finalaurreko saioak. Martxoaren 28an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian jokatuko da finala, eta, oraindik urrun badirudi ere, hasi da helmugarako ibilbidea, eta bihar emango dute bertsolariek lehen pausoa. Ikusteko dago azken txanpara nortzuk iritsiko diren.
Saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude jada www.bertsosarrerak.eus helbidean. Lekuan bertan ere erosi ahalko dira sarrerak saioa hasi baino lehen, aurretik aretoaren edukiera bete ez bada. Fase honetan, sarrera arruntak hamahiru euro balio du. Bertsozale elkarteko bazkideek zortzi euro ordaindu beharko dituzte, eta bost soilik hamazortzi urtetik beherakoek.