Arabako EH Bildu batzarkide taldeak liztor asiarraren hedapenari «mugak» jartzeko ekinbide sorta bat erregistratu du gaur batzar nagusietan. Mozio bat ere erregistratu du, zeinaren bitartez liztorraren aurkako giza baliabide zein baliabide tekniko eta ekonomikoak «handitzeko» eskatzen duen. Erlezaintza sektorean kalteak prebenitu, murriztu eta aholkularitza emateko, «berariazko plan bat» behar dela azpimararau du EH Bilduk.
Liztor asiarra Vespa velutina espezie exotiko inbaditzailea da, eta biodibertsitatea, erle jarduera zein herritarren segurtasuna mehatxatzen ditu. 2012an Araban lehen aleak aurkitu zirenetik, haren presentzia «sendotu» egin da lurraldean, koalizioak ekinbideetan gogora ekarri duenez. Azken hilabeteetan herritarren kezka «areagotu» da, kaleetan, parkeetan, lorategietan eta etxebizitzetatik gertu liztor asiarraren habiak agertu direlako. Horren aurrean, EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo du gorabeherak jakinarazteko sistemak hobetzea, esku hartzeko lehentasunak ezartzea eta «erantzun egokia» bermatzea.
Egoerari erantzuteko, EH Bilduk azken bost urteetan egindako jarduerak ebaluatzeko eskatu du, hedapenaren zifra zehatzak jakiteko. «Detekzio goiztiarrean sakontzeko, liztor asiarrarekin lotutako gorabeheren berri emateko eta jarraipena egiteko, plataforma zehatz bat ezarri behar da», adierazi du koalizio abertzaleak.
Erlezaintza sektorean kalteak
Erlezaintza da «kaltetuen» dagoen sektoreetako bat: liztor asiarrak erle meliferoei eraso egiten die, erleen jarduera «zailduz», euren koloniak ahultzeraino. Erlezainak ohartarazten ari dira presio handia jasaten duten erlategietan erleak ia ez direla erlauntzetatik irteten, sarrerak babesten besterik ez direlako aritzen. «Egoera honek jarraipen teknikoa eta prebentzio, babes eta laguntza ekonomikorako neurri espezifikoak eskatzen ditu», adierazi du Endika Saez de Adana EH Bilduren bozeramaileak.
Erlezaintza sektoreari laguntzeko «berariazko plan bat» eskatu du EH Bilduk, aholkularitza teknikoa, erlategiak babesteko neurriak, kalteak prebenitzeko nahiz murrizteko laguntzak eta galerak konpentsatzeko diru laguntzak biltzen dituena. Halaber, teknologia eta kontrol metodo berriak ebaluatzeko proiektu pilotuak bultzatzeko eskatu du. Urtero jardueren zein inbertsioen «txosten publikoa» argitaratzea galdegin du, era berean.