Atean zirrikitu bat zabaldu bezain laster, berehala itxi. Horrela laburbildu daitezke Trebiñuko auziak historikoki izan dituen gorabeherak. Espainiako edo Euskal Herriko erakundeetan emandako edozein aurrerapauso erabat arbuiatzen dute Burgosko eta Gaztela eta Leongo instituzioek. Horixe bera gertatu da oraingoan ere: atzo goizean, Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako ministroak atean zirrikitua ireki zuen, Trebiñuk Arabarekin bat egiteari buruzko galdeketa «juridikoki posible» dela onartuta. Arratsaldean bertan, ordea, haren alderdikide Carlos Martinezek, Gaztela eta Leongo PSOEko idazkari nagusiak, itxi egin zuen ateko zirrikitu hori, danbatekoz itxi ere: «Trebiñu Burgos da, eta hala izango da».
Martinezen jarrerak badu garrantzia Trebiñuko aferan, Araban integratzeko prozesuak gaur egun duen oztopo nagusiaren erakusgarri baita: Burgosko Diputazioaren eta Gaztela eta Leongo Juntaren oniritzia behar du prozesuak aurrera egiteko, baina bi instituzio horiek fermuki ukatzen dute eskualdearen arabartasuna, eta ez daude prest horren aldeko pausoak emateko. Hain zuzen ere, atzoko adierazpenetan, Torres ministroak zehaztu zuen galdeketak, «posible» izanagatik, aurretik indarrean den legediak eskatzen dituen urrats guztiak ematea eskatuko lukeela. Hain zuzen ere, Burgosko Diputazioak eta Gaztela eta Leongo Juntak aldeko txostena egitea eskatzen du legediak.
Gaztela eta Leongo sozialisten idazkari nagusiaren jarrerak argi utzi du bi urrats horiek ez direla aurki beteko, erkidego horretako alderdiak, izan gobernukoak (PP eta Vox) nahiz oposiziokoak (PSOE), Trebiñuk Gaztela eta Leon uztearen aurkakoak baitira. Juridikoki «posible» dena, hortaz, faktikoki ezinezkoa da gaur egun, Torres ministroaren adierazpenak gorabehera. Martinezek Torresen oso bestelako jarrera erakutsi zuen: kazetariek ministroaren adierazpenei buruz galde egin ziotenean, «ezetz esango zuen, ezta?», esan zuen, txantxa moldean, galdeketa «juridikoki posible» ote den itaunari erreferentzia eginez.